Getxoko Udalak HIRUKAri jakinarazi dionez, udalerrian dauden isuriak ezagutzeko ikerketa abiatu du tokiko Ingurumen Sailak. Horretarako, enpresa espezializatu bat kontratatzea aurreikusi du, “abiapuntua finkatzeko” eta, hortik aurrera, “ezarri beharreko helburu eta eremu zehatzak finkatuko dira”. Hori dena aurtengo lehen seihilekorako izatea espero dute arduradunek, baina, bitartean, bide horretan aurrera egiteko hainbat neurri hartu direla jakinarazi du Udalak.
Orain arte martxan jarritako neurrien artean daude, besteak beste, udalerri osoan 30 km/h-ko abiadura muga ezartzea errepideetan, baita hiri-mugikortasun jasangarriaren plana eguneratzea ere, “mugikortasun iraunkorragoa lortzen lagunduko dutenak”. Horrek, arduradunek azaldu dutenez, eragin txikiagoa izango du soinu-ingurumenaren kalitatean, “bide-segurtasuna hobetuz eta trafikoa baketzea sustatuz”.
Horrez gainera, Udalak gogoratu du Areetako Zugatzarte etorbidea eraldatu dutela, Kale Nagusia erdi oinezkoentzako bihurtzeko lanean ari direla, Algortako Manuel Gainza aparkalekua eraiki dutela eta martxan daudela Areetako Xake plaza egokitzeko obrak. “Horiek guztiak emisio gutxiko eremuen ildotik doazen jarduketa-multzoa dira. Horien guztien helburua da airearen kalitatea hobetzea eta klima-aldaketa arintzea, herritarren osasuna eta hiriko bizi-kalitatea hobetuz, eta espazio publikoa oinezkoek erabiltzeko eta gozatzeko berreskuratzea”.