"A costa dos Lançados" dokumentala

Unai Aranzadi kazetari getxoztarraren azken lana aurrestreinatuko dute zapatuan Muxikebarrin

Erredakzioa 2023ko urt. 9a, 13:57

Unai Aranzadi kazetari getxoztarrak idatzitako eta zuzendutako A costa dos Lançados dokumentalaren aurrestreinaldia izango da zapatu honetan, urtarrilak 14, 19:00etan, Muxikebarri Antzokian. Getxoko Udalaren laguntzagaz, UN Etxeak ekoiztutako lanak migrazio-mugimenduaren iraganari eta orainari buruzko paradoxa bat erakusten du. Proiekzioa Getxotik Mundura Mundutik Getxora programaren barruan kokatzen da, eta doakoa izango da. Aranzadi bertan egongo da.

Kazetari getxoztarra egun Ukrainara egiten dituen bidaiakaz jarraitzeaz gainera, azken hamar urteetan lau kontinentetan (Asia, Amerika, Europa eta Afrika) topatutako erbesteratutako pertsonei buruz egindako argazkiakaz dokumental bat ere prestatzen ari da (Brasilgo Lurrik Gabekoak, indigenak; Kongoko mendietako meatzaritza-proiektuengatik desplazatutakoak, klima-aldaketagatik, multinazionalen abusuagatik, ekitate faltagatik erbesteratutakoak...).

Dokumentalak paradoxa bategaz jokatzen du, XV. mendean Afrika mendebaldeko kostaldean irtenbide gisa sartu ziren lehen europarren historia erakusten baitu. Munduko pariatzat hartuta, gehienak judu jatorrikoak, lançatu izenagaz ezagutzen ziren, literalki ibaian gora jaurtitzen zirelako, bizitza bilatzeko, eta aldi berean Portugalgo erresumarako harreman komertzialak hasteko. Haietako askok, azkenean, pertsonen trafikoa egin zuten, eta, beraz, biktima izatetik biktimario izatera igaro ziren. “Paradoxa da gaur egun beste lançatu batzuk daudela, XXI. mendekoak, ibilbide bera egiten dutenak, baina alderantziz, askotan pariatzat ere hartzen direnak, pobreziagatik. Kanariar Uharteetako bide arriskutsuenetik eta gehien hazten ari den bidetik iristen dira Europara, ogia irabazi eta euren egoera etsituari irtenbide bat bilatzeko”, zuzendari getxoztarrak azaldu duenez.

Hainbat gai jorratzen ditu, hala nola kolonialismoa, esklabotza, giza eskubideak, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko desberdintasun-harremanak, ustelkeria, Afrika beltzeko migrazio-arazoaren sorrera, baina ez itsasoko salbamenduan arreta jarriz, baizik eta Europarako bidaiari ekitera bultzatzen duen horretan.. Lana Almeriako negutegien irudiakaz amaitzen da, batzuetan, Nazio Batuek eta Amnesty Internationalek salatutakoak, Saharaz hegoaldeko pertsonek bizi izandako erdi esklabo-egoerengatik, XXI. mendean beren zaurgarritasunagatik esplotatuak.

Unai Aranzadik 2021eko udazkenean egin zuen grabazioa, sei astez, 2.000 kilometro egin zituenean Ginea Bisáu, Gambia eta Senegal barnealdetik, errepidez, garraio kolektiboetan, migrazio-arazoaren sorrera beste modu batean erakusteko asmoz, bidaia-elementuakaz (road movie), elementu historikoakaz, eta baita abentura-generoaren puntu bategaz ere. “Asmoa ez da alderdi humanitarioa entretenitzen edo erakusten duen istorio bat izatea soilik, baizik eta historia ezagutaraztea, sentsibilizatzea eta errealitatea aldatzeko gauzak egin daitezkeela iradokitzea”, nabarmendu du Aranzadik. Oso pozik agertu da Getxon estreinatu ahal izateagatik, “Portu Zaharraren ia gainean, ni naizen lekuan, eta nire aita eta ama bertan bizi direlako. Niretzat etxean jolastea da. Gozatu ederra izan da UN Etxearekin eta Getxoko Udalarekin elkarlanean aritzea berriro, 2013an modu berean egindako Jambo Amani? dokumentalaren esperientzia errepikatuz”, nabarmendu du kazetariak.

Unai Aranzadiren asmoa da A costa dos Lançados jaialdien arabera aurkeztu eta banatzea bi urtez, eta azkenean, laguntza publikoa izan duten lanakaz egin ohi duen bezala, publikoari itzultzea, interesdunei online ikusteko aukera eskaintzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun