Horregaz batera, 12 urtera arteko haurrak dituzten 5.000 bat familiak jasoko duten eskutitz horretan zalantzak argitzen laguntzeko antolatutako bi hitzaldiren berri emango die Udalak. Lehena, "Kulturartekotasuna, euskara eta bizikidetza" izenekoa izango da, Amelia Barquín López, kulturartekotasunean aditu eta unibertsitateko irakaslearen eskutik, urtarrilaren 19an, eguenean, 17:30ean, Romo ikastetxean. Horretan beste kultura batzuetan jatorria duten umeak euskarazko ereduetan matrikulatzearen onuren inguruan mintzatuko dira. Bigarrena, Gorka Aurre Urtzak, Neurotrainer eta Garapen Intelektualean adituak eskainiko du, "Irakurle ona=ikasle" ona izenburupean, irakurketak duen garrantziaren inguruan. Hitzordua otsailaren 1ean, 17:30ean, izango da Zabala ikastetxean, eta bereziki interesgarria izango da Lehen Hezkuntzan ari diren umeen eta nerabeen gurasoentzat eta tutoreentzat.
Bi hitzaldiak Udalak Egizu elkartearen Sendi egitasmoagaz elkarlanean antolatutakoak dira, euskaraz, baina Telegram aplikazioaren bidez aldibereko interpretazioa egongo da gaztelerara. Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko dute. Hitzaldirako eta haurtzaindegi zerbitzua eskatzeko izena emateko www.getxo.eus/euskara helbidera jo behar da, baita Udalak familientzat eskuragarri jarritako interesgarriak izan litezkeen baliabideak eskuratzeko ere.
D eredua gora Getxon
Ikaste-eredu euskaldunek goranzko eboluzioa dute udalerrian, eta horren adibidea da Lehen Hezkuntzako matrikulazioaren kopurua, D ereduan 2016-2017ko ikasturtean % 52 izatetik eta 2022-2023ko egungo ikasturtean % 58koa izatera igaro baita.