Otsailaren 24an maketa lehiaketa egingo dute Algortako inauterietan

Nahia Martinez Gondra 2023ko urt. 18a, 13:14

Algortako jai batzordeak maketa lehiaketa antolatu du aurtengo inauterietarako. Ekimena otsailaren 24an izango da, 21:30etik aurrera, San Nikolas plazako agertokian, eta edozein musika estiloko gazteei zuzenduta dago. Hautaketa prozesuan lehentasuna emango zaie modu profesionalean bideoklip edota lanik ez duten taldeei, izan ere, lehiaketako helburua gazteen proposamen musikalei laguntza eskaintzea da. Izena emateko epea irekita dago otsailaren 12ra arte.

Lehiaketan parte hartzeko hurrengo baldintzak ezinbestekoak dira: taldekide bat gutxienez Getxokoa izatea, taldearen abesti bat gutxienez euskaraz izatea eta taldekideetako inor bi talde parte hartzaile baino gehiagotan ez egotea.

Parte-hartzeko baldintzez gainera, lehentasuna edukiko dute hurrengoek: 16 eta 35 urte bitarteko taldekideez osatutako taldeek, euskaraz jotzen dutenek eta emakumezkoen taldeek edota talde mistoek.

Ekimenaren egunean talde bakoitzak 2-5 abesti artean jotzeko aukera izango du eta hiru izango dira sari nagusiak: lehiaketako talderik onenari 500 euro, euskarazko kanturik onenari 300 euro, eta lehiaketako gazte talderik onenari 200 euro.

Talde saridunak otsailaren 25ean jakinaraziko dira, inauterietako mozorro txapelketaren sari banaketagaz batera, eta irabazleek 2023ko Algortako jaietan agertoki handian 30 minutuko kontzertuak jotzeko aukera izango dute.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun