Egutegian agertzen diren pertsonaiak honako hauek dira: Garazi Sanchez surflaria, Naiomi Matthews borrokalaria eta Iñaki Zubizarreta saskibaloiko jokalari profesional ohia, hizlari eta dibulgatzailea; Haizea Lopez eta Unai Elorriaga idazleak; Maia Garcia Vergniory ikertzaile zientifikoa; Alex Orbe ilustratzailea; Georgina Barrios pianista; Afrika Bibang abeslaria; Unai Basurko nabigatzailea; Asier Hormaza aktore eta ekoizlea; eta Alvaro Martinez sukaldaria. Egutegia Getxoko etxeetako postontzietan jasoko da; guztira 32.000 ale banatuko dira.
“Gaur egun, herritarrek kontzientziazio handia dute birziklatzeari buruz, baina garrantzitsua da ahalik eta modu zuzenenean egitea, kaleko edukiontzietan hondakinak behar bezala ez bereizteak eragiten dituen ondorioengatik. Nahiz eta hainbat hamarkada daramatzagun birziklatzen, eta gure ezagutza eta kontzientziazioa gero eta handiagoak diren, oraindik ere badira okerreko edukiontzian amaitzen duten produktu batzuk, ‘hondakin desegokiak’ ere esaten zaienak; eta horiekin amaitu behar da. Hondakinak birziklatzea funtsezkoa da gure kontsumoaren ingurumen-inpaktua murrizteko, baina gaizki birziklatzeak diruaren eta energiaren gainkostua dakar”, Amaia Agirre alkateak adierazi duenez.
Bestalde, Jose Arrancudiagak, Ecoembes-ek Euskadin duen espezialistak, nabarmendu duenez, “honelako kanpainekin Getxoko herritarren artean birziklapena sustatzen jarraitu nahi dugu, kanpainaren leloak berak dioen bezala, gero eta gehiago eta hobeto birziklatu dezaten. Zalantzarik gabe, urrats oso garrantzitsuak eman dira azken urteotan, baina beti saia gaitezke gehiago bilatzen, gure ontzi guztiak edozein unetan eta lekutan birziklatzen: etxean, oporretan, kaletik gabiltzanean... eta horrela bizitza berri bat eman ahal izango diegu ontziei. Hori dela eta, Ecoembesen horrelako kontzientziazio-kanpainetan lan egiten dugu erakundeekin, herritarrei helarazteko zein garrantzitsua den birziklatze fisikoa bezalako keinu erraz bat ingurumenerako”.
Online erronka
Informazioa emateko eta herritarren jakin-mina pizteko, postontzietan banatuko den egutegiak "Ba al zenekien…?" erako formatua erabiltzen du, mezuak eta aholkuak errazago memorizatzeko. Adibidez, abenduan, Asier Hormaza aktore eta ekoizlearen argazki batek adieraziko du zeramika ez doala edukiontzi berdera.
Era berean, gainerako edukiontziakaz lotutako mezuak zabalduko dira: horia (plastikozko ontziak, latak eta brikak), urdina (papera eta kartoia), grisa (gainerakoa) eta marroia (organikoa).
Getxoztarrek modu aktiboan parte hartzeko aukera izan dezaten, egutegiko irudi bakoitzaren beheko aldean QR kode bat dago inprimatuta. Kode horrek webgune batera eramaten du, eta bertan birziklatzeari buruzko erronka bat agertzen da. Test erraz baten bidez, herritarrei erakutsiko zaie nola birziklatu behar den hondakin desegokiak sortzea saihesteko, eta definituko zaie birziklatzerakoan zer nolako nortasuna duten. Testak, normalean egiten ditugun akatsak ditu ardatz. Bideo-jokoaren formatu baten bidez, parte hartzen duten pertsonek puntuak jasoko dituzte egindako galderei erantzutean. Puntuazioaren arabera, birziklatzeko nortasun jakin bat izango dute.
Azkenik, kanpainaren beste publizitate-euskarri gisa, iaz erabili ziren totemak jarri dituzte udalerriko gune estrategikoetan –Bidezabal, Algortako Telletxe plaza, Bizkaia Zubiko plaza eta Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plaza–. Horietan, egutegiko protagonisten irudiak agertuko dira, mezu nagusiakaz batera (“teaser” moduan).