Mintzapraktikako partaideak astean behin elkartzen dira talde txikietan euskaraz aritzeko. Bi motatako parte hartzaileak daude: alde batetik, bidelariak, euskaraz ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu gura dutenak hizkuntza praktikatuz,;eta beste aldetik, bidelagunak, euskara maiz erabiltzen dutenak eta euskara ikasten ari direnak laguntzeko borondatez izena ematen dutenak.
Mintzapraktika egiteko hainbat bide eskaintzen ditu Berbalagunak: mintza ibilaldiak, pintxo-pote taldea, parkelaguna, mendi taldeak, emakume taldeak, abesbatza, etab. Bestalde, Mintzaneten bidez Internetez konektatzen dira munduko bidelari eta bidelagun ezberdinak: Ozeaniakoak, Euskal Herrikoak, Estatu Batuetakoak, Frantziakoak, Mexikokoak, Irlandakoak, Argentinakoak, Uruguaykoak, Txilekoak, Espainiako Estatukoak eta Erresuma Batukoak.
Gainera, aurten 30 urte beteko dira Euskal Herrian lehen Mintzapraktika abiatu zenetik. Donostiako euskara elkartea izan zen lehena, 1993ko abenduan, sei Bagerakide eta euskaltegietan aritzen ziren beste sei lagun elkartu zirenean. Gaur egun, ordea, 700 lagun baino gehiago elkartzen dira astero Mintzapraktika egiteko. Horregatik, Bagera elkarteko kideek 15 minutuko dokumentala sortu dute, egitasmoaren sortzaile eta zenbait mintzalagunen esperientzia pertsonalei buruzko testigantzak jasoz.