Kolaboratu gura duten pertsonek produktuak Fadurako eta Gobelako kiroldegietan utzi ahal izango dituzte urtarrilaren 31ra arte. Gauza berbera egin ahal izango dute ikasleen familiek eskoletan. Bildutako produktuak Sahararen aldeko Euskal Karabanaren bitartez bidaliko dira errefuxiatuentzako kanpamenduetara, horregaz kolaboratzen baitu Atfal Getxoko Sahararen aldeko Elkarteak, Getxoko Udalaren laguntzagaz. Karabana Fronte Polisarioak, Euskal Fondoaren kide den Sahararekin Koordinatzeko Unitateak eta herri sahararrekiko elkartasun elkarteek antolatzen dute.
Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak nabarmendu duenez, “Getxok konpromiso humanitarioarekin eta nazioarteko elkartasunarekin jarraitzen du. Aurten ere Karabanarekin elkarlanean arituko gara, duela 47 urtetik errefuxiatuen kanpamenduetan bizi den saharar herriarekin dugun konpromisoaren erakusgarri. Udala Bir Ganduz dairarekin senidetuta dago 1994az geroztik, eta ordutik elkartasuna adierazi du hainbat programa eta ekimenen bidez, hala nola karabana honen bidez, dibertsitate funtzionala duten pertsonen hezkuntzarako laguntzen bidez edo adingabeentzako Oporrak Bakean programaren bidez. Getxoko herritarrei dei egin nahi diegu sahararrek bizi duten elikadura-krisiari aurre egiten lagun dezaten, eta ziur nago beste behin ere erantzuna emango diotela”.