Silver Film Festival (S/FF) jaialdiaren helburua da kulturaren bidez gizarte inklusiboagoa eta berdinzaleagoa egitea, "eta hori eratzeko bidean beste urrats bat eman nahi dugu", azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, deitoratu dutenez, gaur egun, adinagatik egiten den diskriminazioa da zabalduena munduan, eta emakumeak dira gehien sufritzen dutenak.
"Ez dugu gazte izatea edo itxura hori ematea garrantzitsuena den gizarte batean bizi nahi. Gure ezagutzaren eta esperientziaren balioa galduko duen gizartea. Denbora pasa ahala gure hitza kontuan hartzen ez duen gizartea. Eta hori guztia milioika pertsonari gertatzen ari zaie. Horregatik jaio da Silver Film Festival", azpimarratu dute arduradunek.
Zeregin horretarako, egoitza bi hartuko ditu jaialdiak: Bilbon, otsailaren 15etik 17ra, Guggenheim museoan eta Campos Antzokian; eta Getxon, otsailaren 23an eta 25ean, Romo Kultur Etxean. Azken horri dagokionez, azpimarratu dute tokiko biztanleria nagusitzen ari dela etengabe, eta ulertzeko eredu berriak eskaintzeko beharraz eta erronkaz jabetuta, adineko herritarren beharrak eta interesak asetzeko asmoa izango du jaialdi "garaikide eta berritzaile" honek.
Egitaraua
Formatu luze eta laburreko askotariko dokumentalak eta fikziozko lanak proiektatzeaz gainera, adinekoei buruzko ikuspegiak aztertzeko eta egoera hobetzeko proposamenak egiteko mahai-inguruak egingo dituzte. Halaber, berbaldi bi hartuko dituzte, alde batetik, autofagiaz hitz egiteko Patricia Boya eta Nektarios Tavernarakis adituakaz, eta Carlos San Juan "Soy mayor, no idiota" ekimenaren bultzatzaileagaz. Horrez gainera, Anna Freixasek (Yo, vieja lanaren egilea) eta Javier Yanguasek (Pasos hacia una nueva vejez lanaren egilea) zahartzaroak planteatzen dituen erronkei buruz hausnartuko dute.