Getxoko Kultur Etxeak abiarazi du Ramiro Pinilla 6. Eleberri Laburren Lehiaketa, idazle ospetsuaren memoria mantendu eta literatura-sorkuntza bultzatzea helburu dituen ekimena, hain zuzen ere. Bi sari emango dituzte lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko lanentzat, horietako bakoitza 6.000 eurokoa. Halaber, lana argitaratzeko 1.000 euroko laguntza ere jasoko dute irabazleek. Deialdiaren arauak Getxoko Kultur Etxeetan zein www.getxo.eus/ramiropinilla eskura daitezke.
Ekimenaren bitartez, Pinillesca taldeak eta Getxoko Udalak aurreko beste proiektu batzuetan hasitako elkarlanagaz jarraitzen dute. Lehiaketaz baliatuta, egilea getxoztarra omendu gura dute, baita bere lana ere. Izan ere, bere liburuek sari ugari eta garrantzitsuak lortu dituzte, esaterako Nadal saria, Euskadi Literatura-saria gaztelaniaz eta Espainiako Narratibaren Sari Nazionala.
Txiki Baskardo lehiaketa
Eleberri laburren lehiaketaz gain, Txiki Baskardo Haur Kontakizunen 6. Lehiaketa abian jarri dute, DBHko 1. mailako Getxoko ikasleen artean literatura sorkuntza sustatzeko asmoz. Aurreko urtetan bezala, parte hartzeko bi modalitate egongo dira: ikastetxeen bitartez eta deialdi irekian. Kasu bietan finalean parte hartuko duten hautagaiak aukeratuko dituzte. Sari bat izango da hizkuntza bakoitzeko eta irabazleek tableta elektroniko bana jasoko dute.
Halaber, finalistei diploma bana emango zaie eta baita Getxoko edozein liburu-dendatan liburuak erosteko 50 euroko txeke bana ere. Deialdiko arauak eskura daude udal-webgunean: www.getxo.eus/txikibaskardo. Deialdi irekian parte hartzeko epea 2023ko otsailaren 20an bukatuko da.