Beraz, hemendik aurrera, Udalak ofizioz luzatuko die Zerbitzua hala eskatzen duten pertsonei, eskaera egin zuten unean zuten mendetasun-mailaren arabera esleitutako ordu berberak mantenduz. Aldaketarik izanez gero, erabiltzaileak jakinarazi beharko du, hartu gabeko orduen aldea esleitze aldera.
Atseden Zerbitzua Foru Aldundiak onartutako mendetasun edo arrisku egoeran dauden pertsonakaz bizi diren familia zaintzaileentzat da, baldin eta ostatu-zerbitzuetan edo egoitza-zentroetan egoitza-arreta iraunkorra erabiltzen ez badute. Zerbitzu hau mendetasun-mailaren arabera eska daiteke, eta emandako orduak abenduaren 30era arte erabili ahal izango dira, astelehenetik barikura, jaiegunetan izan ezik, 08:00etatik 22:00etara. Gutxieneko frakzioa bi ordukoa izango da.
Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak aitortu duenez, “Atseden Zerbitzuaren bidez, arreta-sare naturala osatzen duten zaintzaileei lagundu nahi diegu, eta, horretarako, garrantzitsua da etxetik kanpo jarduerak egiteko denbora izatea. Gainera, langile profesional kualifikatuen bidez arreta egokia bermatzen dugu zaintzailea bertan ez dagoen bitartean, mendekotasun-egoeran dauden getxotarren etxean eta inguruan egoten lagunduz. Era horretan, atsedena erraztu eta eguneroko nekea arindu nahi zaie zaintzaileei”.
Zerbitzua lehen aldiz eskatzeko epea aurtengo abenduaren 5ean amaituko da, eta Udalak 60.000 euro zuzenduko ditu gehienez zerbitzua emateko aurten. Zerbitzuaren eskaera formulario baten bidez egin beharko da, eta formulario hori Gizarte Zerbitzuen Bulegoetan edo HABetan aurkeztu beharko da (aldez aurretik hitzordua eskatu ondoren), edo baita Udalaren webgunean ere. Berritasun gisa, eskatzaileek ez dute mendekotasunaren balorazioa aurkeztu beharko, baldin eta mendekotasuna duen pertsonak bere datuak Foru Aldundiaren basean kontsultatzeko baimena ematen badio Udalari eskabidean.