Tokiko hilerria arautzeko erregelamendu berria onartu du Getxoko Udalbatzak

Erredakzioa 2023ko urt. 26a, 14:09

Getxoko hilerria, artxiboko irudian.

Gobernu-taldeko EAJk eta PSE-EEk alde bozkatu dute, eta PP, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos udal-taldeek abstenitu egin dira gaurko osoko bilkuran egindako bozketan. Hala, hasiera batean, onetsi egin dute udal-hilerriaren erregelamendu berria, Hilotzen Sanitate-alderdiei buruzko oraingo araudira egokitzeko beharrari erantzunez, azaldu dutenez.

Onarpen horren harira, gobernu-taldeak azaldu du arau berriak beharrezkoak diren zehaztapenak hartzen dituela barne zerbitzuak behar bezala emateko, administrazio-kudeaketa hobetzeko, eta herritarrek hobeto ulertu dezaten: "Horretarako, edukiak eguneratu dira, terminoak argitu dira, eta artikuluak berregituratu dira; horrek guztiak erregelamenduaren edukia sinplifikatzen du eta ulergarriago egiten du".

Elkarrekin Podemos taldeak lau zuzenketa aurkeztu ditu; hizkera inklusibora egokitzeko xedeagaz akats batzuk ongitzeari buruzkoa onartu egin dute, eta beste hirurak, berriz, baztertu dituzte.

Talde horrek eskatu du zerbitzuaren zuzeneko kudeaketa lehenesteko –gaur egun egiten den bezala, zehaztu dutenez–, kudeatzeko beste era batzuen aldean, eta, hala badagokio, Udalbatzak erabaki dezala aldaketarik egongo den; horren harira, udal-gobernuak erantzun du ez dagoela inolako eragozpenik zuzeneko kudeaketagaz jarraitzeko –edo ez jarraitzeko, beharrezkoa izatekotan–, eta hori Udalbatzaren erabakia izan daitekeela edo ez. Hainbat izapide egiteko beharrezkoak diren dokumentuei eta horien epeei buruz eta dokumentu horiek aurrez aurre nahiz telematikoki bermatzeari buruz informazio zehatzagoa lortzeko zuzenketari dagokionez, udal-gobernuak adierazi du aurkeztu beharreko informazio guztia biltzen duten eskabide normalizatuak egin dituztela, eta horiek aurkezteko modua eta tokia administrazio-prozeduren araudi orokorrean ezarritakoak izango direla.

Azkenik, hizkera argiagoa eta erregelamenduan aipatzen diren araudien erreferentziak txertatzeari buruzko zuzenketari dagokionez, erantzun dute hizkera argia eta erraza dela, eta ez dela araudien erreferentziarik jaso erregelamenduaren testua aldatu behar ez izateko kanpo-araudiak aldatzen direnean.

Mozioak

Mozioen kapituluan, testigantza-izaeragaz, bi onetsi dituzte. Lehenengoa PPrena izan da, eta honako gai hauek izan ditu hizpide: Udalak udal-eraikin guztietan irisgarritasun unibertsala bermatzea, merkataritza-lokaletan irisgarritasuna hobetzeko obrak egiteagatiko laguntzak ematea, Getxo Kirolaken urteko abonuan hobariak ematea dibertsitate funtzionala dutenei, eta haurrentzako parkeetan egokitutako zabu gehiago jartzea. Bestalde, PPk onartu egin du Elkarrekin Podemosen zuzenketa gehigarri bat, inklusio-plan bat egin dadin modu parte-hartzailean, eta kontuan hartu daitezen dibertsitate funtzionala duten pertsonak eta kolektiboak.

Gainera, beste mozio bat onartu dute, Elkarrekin Podemosek eraman duena, eta EAk eta PSE-EEk transakzionatu dutena, Udalak, 2020tik 2023 bitarteko urteetarako bere 2030 Agendako  "Eskola Bide Seguruen Plana” izeneko ekintza garatzean osasuna babesteko aldagaia ere barne har dezan. Gaur egun bide seguru horien diseinuak egiteko fasean dago plana, eta inplikatutako eskola-komunitateen parte-hartzea du. Horretarako, gisa honetako neurriak aztertuko ditu: eskola-esparruaren barruko aparkalekuak berrikustea, bizikletentzako aparkaleku seguru gehiago jartzea, eremu jakin batzuk birlandatzea, zirkulazioa mugatzea oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna lehenetsiz; emaitzak Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren berrikuspen-prozesuan txertatuz (haurrei zuzendutako mugikortasun aktiboko plan gisa).

Herritarreen galde-eskeen txandan, Ibar Nagusien Etxea Elkarteko ordezkariek hartu dute parte, Romoko Nagusien Etxea zenaren eraikina eraistearen aurka dagoen elkartea, eta Gobela ibaiko kaltetuen elkartekoak ere bai, uholde-arriskua murrizteko ekintza gehiago eskatuz, bai eta bizilagun batek ere, bere izenean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun