Larrañazubiko ingurumen-gunean 18x14 metroko lau moduluko ibilgailuentzako garaje bat eraikiko dute, eta bertan bilketa-zerbitzuko kamioiak gordeko dituzte. Garaje horrek tailerreko konponketa-zuloa izango du, eta bide bilketa- eta garbiketa-lanei lotutako kontsumigarriak biltegiratzeko ere erabiliko da. Halaber, aldagelak eraikiko dituzten ingurumen-guneko pisatze-baskularen ondoan: 63 lagunentzako aldagelak; garbiketa- eta bilketa-zerbitzuen kasuan, eta 32 pertsonarentzako aldagelak; gunearen ustiapenari lotutako zerbitzuetarako.
Gainera, aipatutako zerbitzu guztiei lotutako administrazio-bulegoak izango dituzte eraikinek, eta sindikatuen ordezkaritzaren kasuan, bulego bereziak jarriko dira. Era berean, biltegiak ipiniko dituzte Udaleko Garbigune Mugikorrak kudeatzen dituen hondakinen berrerabilpena prestatzeko zerbitzuetarako eta etxeko hondakin arriskutsuak biltzeko zerbitzuetarako.
Ingurumeneko Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko Joseba Arregi zinegotziak ziurtatu duenez, instalazio horiek eraikita, bide garbiketako eta hondakinen gaikako bilketako zerbitzuak udal-instalazioen barne egotea lortuko dute, "zerbitzu horiek kudeatzeko kontratatutako enpresaren mende
egon beharrean".
Bestalde, Gobernu Batzordeak daborduko oniritzia eman dio Aiboa Berria eraikin berriaren proiektuaren idazketa, obra-zuzendaritza eta eraikuntza batera kontratatzeko espedienteari ere. Eraikin horretan, ibilgailu arin elektrikoak eta erratz-makinak gordetzeko espazioa edukiko dute, eta horrela, Larrañazubira eta, ondoren, garaje eta aldageletara joateko bidaia saihestuko dute.