"Ekin Silver Economy"

Zilarrezko ekonomian negozio-aukerak jorratzeko programa berria jarriko dute martxan Getxon

Erredakzioa 2023ko ots. 1a, 11:54

Getxoko eta Bilboko udalak, Gizarte Zerbitzu Integratuak-SSI Taldeagaz batera, lanean ari dira “Ekin Silver Economy” izeneko mentorizazio-programa bat bi udalerrietako ekintzaileen eta enpresen eskura jartzeko. Programa hori espezializatuta dago zilar bidezko ekonomia deiturikoan, hau da, jarduera ekonomikoak, produktuak eta zerbitzuak 50 urtetik gorako pertsonen beharrak asetzeko. SSI Taldeko ekintzailetza arloak garatutako zerbitzu berritzailea da.

Bizkaia da Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikorik zahartuena: biztanleen % 23,4 65 urtetik gorakoak dira. Gizartearen zahartze horrek aukera berriak irekitzen ditu ekintzailetzarako eta negozio-ildo berriak garatzeko bai eremu soziosanitarioan bai adinekoen behar espezifikoei erantzutean. “Ekin Silver Economy” programak arlo horretako enpresa-proiektu berriak bultzatu gura ditu, lanpostuak sortzen laguntzeko eta, aldi berean, balio sozial erantsia izateko, adinekoengan duten eraginagatik.

Egitaraua

Otsailaren 16an, eguenean, Getxo Elkartegian, ekimen hau aurkezteko lehen saioa egingo dute. Horretan, SSI Taldeko lantaldeak ekintzaileakaz eta enpresakaz partekatuko ditu erakunde horrek 35 urte baino gehiagoko ibilbide kooperatiboan identifikatutako aukerak, eta programaren funtzionamenduaren berri emango du. Saio hori hilaren 24an errepikatuko dute Bilbon.

Interesa duten ekintzaileek eta enpresek SSI Taldeko ekintzailetza sozial eta kooperatiboan aditua den profesional-talde bategaz batera egingo dute lan gutxieneko proiektu bideragarriak sortzen, geroago merkatura eramateko. Era berean, aholkularitza jasoko dute kooperatiben arloan, ekintzailetza sustatzeko enpresa-gako batean, EAEn oso errotuta dagoen arren, ekintzailetza-prozesuetan dauden pertsonek ez baitute beti ezagutzen: gizarte-ekonomia.

“Ekin Silver Economy” posible da Eusko Jaurlaritzak finantzatutako ZainLab II berrikuntza-programari esker. Zainketen arloan rol eta figura profesional berriak inplementatzera eta hedatzera bideratuta dago, eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak bultzatutako ekimena da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun