Inbertsio horri esker, Raspas Arraunek pantalan flotagarri bat jarri du banku mugikorreko ontzientzat berariaz prestaturikoa, 15 metro luze eta 3 metro zabal dituena. Pantalanak bi pasabide ditu uretan sartu eta uretatik ateratzeko, pantalanaren luzera eta zabalera berekoak. Instalazio berriak aukera ematen du kirolariek ur-laminara sartzeko duten segurtasuna hobetzeko, bai itsasoratzeko orduan, bai lehorreratzeko orduan.
Instalazioetara egindako bisitan, Amaia Agirre Getxoko alkateak azaldu du hobekuntza horiek eragin oso positiboa dutela Raspas bezalako klub baten kirol-jardueran. "Klub horrek, lehia-mailan emaitza bikainak ematen ari den proiektu bat izateaz gain, jarduera fisikorako aukera erakargarriak eskaintzen ditu adin guztientzako pertsonentzat eta desgaitasuna duten arraunlarientzat. Kirol-ekipamenduetan inbertitzea osasunean inbertitzea da, inklusioaren alde egitea eta elkarte-sarea indartzea da, klubek eta elkarteek osatzen dutena bezalako sarea, oso aktiboa eta onura handiak ekartzen dizkiena Getxoko herritar guztiei”.
Pantalanak irisgarritasuna nabarmen hobetzen du, kirol hori egitea ahalbidetzen baitu eta materiala ondo kontserbatzea errazten baitu (ontziak, arraunak…). Gainera, klubaren instalazioetan itxitura jarri da, segurtasuna eta ontziak kanpoan biltegiratzeko gaitasuna hobetzeko. Kanpoko lurzorua berritu eta handitu da, azalera horizontala irabaziz.
Bestalde, dutxak hartzen dituzten bi moduluetako bat eraberritu egin dute, arraunak eta material desberdinak biltegiratzeko gune berri bat gaitzeko. Azken horrek, gainera, gimnasiorako sarbidea ematen du, eta horren sarreran arrapala txiki bat eraiki dute, irisgarritasuna hobetzeko.
Azkenik, kanpoaldean, Klubaren izena eta armarria dituzten bi errotulu argitsu eta ikuspena hobetzen duen argiztapen-puntu bat jarri dituzte.