Udal-iturriek zehaztu dutenez, erasoa ikertzeko prozesua herritarren laguntzari esker jarri zuen tokiko Udaltzaingoak martxan. Hala, atzo, eguaztenean, egunkari ezagun batek argitaratutakoa gezurtatu dute, "gertakizunaren xehetasunak bat ez datozelako". Hala, azaldu dutenaren arabera, Udaltzaingoa ezin izan zen biktimagaz harremanetan jarri lehenengo momentuan, tokitik alde eginda zegoelako; halere, ustezko erasotzailea inguruan aurkitu zuen, eta, hura identifikatu ondoren, beharrezko eginbideak egiten hasi zen.
Ikerketa-lanen barruan, urtarrilaren 28an, Udaltzaingoak biktimagaz harremanetan jartzea lortu zuen. Poliziak emakumea artatu eta haren eskubideei buruzko informazioa eman zion eta, ondorioz, erasoa jasan zuen emakumeak salaketa jarri zuen gertatutakoagatik. Horri esker, polizia-eginbideak eraman dituzte aurrera, horien artean atzo polizia-atestatua epaitegira bidaltzea.
Adierazpen instituzionala
Getxoko emakume horrek urtarrilaren 15ean pairatutako sexu-erasoaren delituagatik jarritako salaketaren aurrean, Amaia Agirre alkateak eta Udalbatzako talde politikoetako ordezkariek osatutako Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez ondorengo adierazpen instituzionala adostu du:
- Erabat baztertu eta gaitzesten ditu generoen berdintasun ezan oinarritzen diren jarrera sexisten ondorioz sortutako eraso guztiak.
- Elkartasuna adierazi nahi dio erasoa jasan duen emakumeari, bai eta babesa eman ere.
- Berdintasuneko eta begiruneko balioak oinarri dituen gizartea lortzeko lan egiten jarraitzea defendatzen du, non emakumeek sexu-harremanak nogaz, noiz eta nola izan gura dituzten askatasunez erabaki dezaketen. Azken finean, emakumeen nahia erabat errespetatzen duen gizartea lortzeko.
- Erakunde-kontzentrazio isila, Berdintasun Kontseiluko ordezkarirekin batera, egiteko deia egiten du, barikuan, otsailaren 3an, eguerdiko 12:00etan, udaletxeko eskaileretan, eta arratsaldeko 19:00etan Areetako puntu lilan (Bizkaia Zubiaren ondoan) Getxoko herritarrak deitzen du.