Amaia Agirre alkateak adierazi duen bezala, aurten hainbat berrikuntza aurkeztuko dira. “Postontzi bat jarriko da Bentan; informazio-moduluak udalerriko leku gehiagotan jarriko dira, eta egun gehiagotan, eta lehen fase horri buruzko informazio-liburuxka modernoagoa eta eskuragarriagoa izango da. Aurrekontu parte-hartzaileak zertan dautzan azaltzen duen beste triptiko batekin batera banatuko da postontzietan. Herritar guztiak parte hartzera animatzen ditut, jarraitzen baitugu pentsatzen eta esperientziak hala erakusten baitu, zuen lankidetza funtsezkoa dela laguntzeko Getxo are leku hobea izaten”.
Prozedura
“Lagundu Getxo hobetzen” lelopean, 16 urtetik gorako eta udalerrian erroldatutako edonork aurkeztu ahal izango ditu bere ekarpenak. Udalaren Erakundeen Erregistroan inskribatutako edozein erakundek ere egin ahal izango du, baita, antolamenduaren arabera, Getxon nortasun juridikoa eta egoitza soziala edo establezimendu iraunkorra duen edozein elkartek, sindikatu-fundaziok, enpresa-elkartek, elkargo profesionalek, zuzenbide publikoko korporaziok edo bestelako erakundek ere.
Aurrekoetan bezala, getxoztarrek honako proposamen hauek aurkeztu ahal izango dituzte: udal-eskumenekoak; herritar guztien interes orokorrerako direnak; urteko aurrekontu-ekitaldian finantzatu ahal direnak; baliabide tekniko, juridiko, ekonomiko eta giza baliabideei dagokienez bideragarriak direnak; zehatzak, ekonomikoki ebaluagarriak eta ulergarriak direnak; laguntza ekonomikorik, diru-laguntzarik, bekarik, saririk edo langileen kontrataziorik eskatu ezin dutenak; beste udal-proiektu batzuen bidez gauzatu ez direnak edo gauzatzen ari ez direnak; dagoen esparru juridikoa eta legala errespetatu behar dutenak (ez dute eduki ilegalik izan behar, ez eta difamatzaileak edo diskriminatzaileak izan ere).
Parte hartzeko bideak
Proposamenak egiteko inprimakiak beteta online aurkeztu ahal izango dira, “Zeugaz” plataformaren bidez (https://zeugaz.getxo.eus), eskatzen diren eremuak erregistratuz eta betez.
Ekarpena aurrez aurre egin nahi izanez gero, inprimakia paperean bete eta hemen utzi ahal izango da:
- Kutxetan: Algortako (Torrene kalea) eta Areeta-Romoko (Ogoño kalea) herritarren arretarako bulegoetan; Fadura eta Gobelako kiroldegietan; eta Algortako (Villamonte) kultur etxean, Romo Kultur Etxean eta San Nikolaseko liburutegian.
- Informazio-moduluetan: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabalik egongo dira, hemen:
- Fadurako kiroldegian (sarreran), otsailak 17.
- Areetako Eskoletako plazan, otsailak 24 eta 25.
- Maidagan parkean (Maidagan 35), otsailak 27.
- Gobela kiroldegian, otsailak 28.
- Bidezabalgo Osasun Zentroaren plazan, martxoak 1 eta 2.
- Algortako Telletxe plazan, martxoak 3 eta 4.
- Postontzietan: Areeta, Algorta eta Bidezabal metro-geltokien inguruan eta Bentan (autobus-geltokiaren ondoan) egongo dira.
Epe hori amaitutakoan, Udaleko zerbitzu teknikoek herritarrek aurkeztutako proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dute. Baldintzak betetzen dituztenak proiektutzat hartuko dira.
Udalak aukeratutako proiektuen behin betiko zerrenda jakinaraziko du eta, bigarren fasean, Getxoko herritarrek lehenetsiko dituzte.