'Dorretxeko idazlea' dokumentala

Elias Amezaga idazleari buruzko dokumental-laburragaz abiatuko dute gaur "Getxoko izen handiak" saila

Erredakzioa 2023ko ots. 9a, 08:31

Gaur, eguenean, Elias Amezaga egileari buruzko Dorretxeko idazlea dokumentalaren proiekzioa hartuko du Romo Kultur Etxeak,  19:00etatik aurrera. 45 minututan zehar, lan horrek egile eta ikertzailearen ibilbide profesional eta pertsonala erakutsi eta bere literatura-ekoizpen oparoa errepasatuko du, non 12.000 egile baino gehiago biltzen dituen Autores Vascos (1984-1996) lana nabarmendu behar den.

Getxoko Udalak "Getxoko izen handiak" saileko lehen filma izango da gaurkoa, udalerriagaz lotura estua duten kulturako izen nabarmenei omenaldia egiten dien ekimena, hain zuzen ere, eta datozen hilabeteetan kultur arloko beste hainbat pertsona nabarmenduko ditu.

Dokumentalak, besteak beste, kultura, politika eta komunikazioko hainbat pertsonaiaren testigantzen bidez, egilearen bizitza eta lana erakutsiko die ikusleei, argazki-, ikusmen- eta soinu-materiala konbinatuz, Amezagaren giza profila alde batera utzi gabe. Proiekzioaren ondoren, Abraham de Amezaga idazle eta kazetariak gidatutako mahai-ingurua hasiko da. Bertan, Joseba Agirreazkuenaga historialari eta ikertzaileak eta Pedro Barea antzerki kritikariak parte hartuko dute. Proiekzioa amaitu ondoren, dokumentala Getxo Kultura Youtubeko kanalean ikusi ahal izango da.

Elias Amezaga Bilbon jaio zen 1921ean, Juan Crisostomo de Arriaga konpositoreagaz lotutako familia baten baitan. Bilboko Merkataritza Eskolan eta Deustuko unibertsitatean ikasi zuen, eta Zuzenbidean lizentziatu zen Oviedoko unibertsitatean. Ez zuen inoiz lanbide hori jarraitu, letren munduan aritu baitzen buru-belarri, eta ia genero guztiak hartzen zituen esparru horretan: dramaturgia, saiakera, eleberria, biografia, kronika eta kazetaritza-artikuluak, besteak beste.

Bere lanetan, horietako asko Getxoko dorretxean idatzita, ez zion gai bati ere uko egin, eta beti erakutsi zuen interes handia gai eta pertsonaia eztabaidagarriekiko. Jarrera horren ondorioz, 25 urte baino gehiago ikerketan eman ondoren argitaratu zen lan erraldoi bati ekin zion: Autores Vascos (1984-1996). Bio-bibliografia zehatz horretan 12.000 autore baino gehiagori buruz idatzi zuen. Lan horren handitasunak euskal idazleei buruz gehien idatzi duen egilea bihurtu zuen.

2008. urtean Getxon hil zen Elias Amezaga, 62 liburu, 35 obra kolektibo, 19 antzezlan, 10 itzulpen eta egokitzapen, 100 hitzaurre, 200 hitzaldi eta txosten, 700 artikulu eta 1.000 erreferentzia eta ekarpen biltzen dituen lan amaigabea utzita. 2005ean Manuel Lekuona Saria jaso zuen, Eusko Ikaskuntzak emana.

"Getxoko izen handiak" dokumental-saila

"Getxoko izen handiak" iaz abiatutako udal ekimena da, Getxoko kulturako pertsona ospetsuen lana balioesteko eta ezagutarazteko helburuagaz. Elias Amezagari eskainitako lehen obra hau proiektatu ondoren, sailak Bingen Amezaga, Federico Krutwig edo Miren Larrea bezalako pertsona ospetsuei begiratuko die, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun