Eskola Bidea proiektua

Zortzi urtetik gorako ikasle getxoztarren erdia baino gehiago oinez joaten da eskolara

Iker Rincon Moreno 2023ko ots. 9a, 09:13

Hainbat ikasle eskolara oinez joaten, artxiboko irudian.

Lehen Hezkuntzako 8 urtetik gorako ikasleen % 55 joaten da oinez eskolara ikastetxera, baina gehienak heldu bategaz lagunduta joaten dira. Aldiz, % 25ek autoz egiten dute ibilbidea; % 15ek eskola-autobusa erabiltzen dute eta % 2k bizikletaz egiten dute joan-etorria. Horiexek dira Eskola Bidea proiektuaren lehen fasean egindako diagnostikoaren emaitzek erakusten dutenez. Bigarren faseari hasiera emateko, jardunaldi irekia egingo dute gaur, eguenean, Algortako Villamonte kultur etxean, 17:30ean.

Eskola Bidea Getxoko Udalak bultzatutako ekimena da hori. Udalerriko 13 ikastetxeek parte hartzen dute bertan, eta erronka da Lehen Hezkuntzako ikasleak beren ikaskideakaz eskolara joan daitezen lortzea. Horri esker, "mugikortasun iraunkorreko jarraibideak hartu ahal izango dituzte eta beren segurtasunaz arduratzen ikasi ahal izango dute, familia kontziliazioa bultzatzen den aldi berean", arduradunek azaldu dutenez.

Ikasturte honetan, Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleek, guraso-elkarteek eta irakasleek diagnostiko hori egiteko aukera eman dute, ikasleen eta haien familien mugikortasun-ohiturei eta tokiko kaleen segurtasunari eta irisgarritasunari dagokienez udalerriaren hasierako egoera ezagutzeko.

“Diagnostikoaren datuek erakusten dutenez, bide seguruak sortzeak konfiantza eta lasaitasuna areagotzen die familia askori seme-alabei bakarrik edo ikaskideekin ikastetxera joaten uzteko erabakian; izan ere, adingabeen % 90i gustatuko litzaioke eskolara lagunekin joan ahal izatea. Getxon beste urrats bat eman nahi dugu eskola-bide seguruak sortzeko, gure seme-alabak ikastetxera oinez iritsi ahal izan daitezen; horrela, haien autonomia, ohitura osasungarriak eta mugikortasun jasangarrikoak garatu nahi ditugu, bai eta haien irudimena ere, lagunekin batera”, adierazi du Joseba Arregi Ingurumeneko Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak.

Bestelako ondorioak

Diagnostikoan islatzen denaren arabera, ikastetxe bakoitzaren errealitatea oso aldakorra da ikasleen jatorriari, mugikortasun-ohiturei eta beste alderdi batzuei dagokienez. Ikasleen % 52 ikastetxetik kilometro batera baino gutxiagora bizi da, eta distantzia hori oinez egiteko modukoa da. %16k bost minutu baino gutxiago behar dituzte zentrorako bidea egiteko; % 29k 5-10 minutu eta % 54k 10 minutu baino gehiago. Urrutien bizi dena gune baztertuetan dauden zentroetan ikasten duena da. Familiakoei eta ikasleei egindako inkesten arabera, % 79 pertsona heldu bategaz joaten da ikastetxera, eta gainerako % 21a bakarrik edo lagunakaz joaten da.

Seme-alabei eskolara bakarrik joaten ez uzteko arrazoi nagusia adina da: familia askok uste du 10-12 urtera arte seme-alabek ez dutela autonomia nahikorik edo ez dela behar bezain segurua haientzat. Bideak seguruak balira, familien % 42k uste du semea edo alaba bakarrik joan litekeela eskolara. Ikasleen iritziari dagokionez, gehienek adierazi dute bakarrik edo lagunakaz joan nahiko luketeela eskolara. % 43ri oinez joatea gustatuko litzaioke; % 29ri, bizikletan edo patinetean, eta laurden bat baino gutxiagori, ibilgailu motordunetan (autoa edo eskola-autobusa).

Irisgarritasunari dagokionez, erdiguneetan kokatutako ikastetxeak, oro har, eremu eskuragarrietan daude, kale zabalakaz, igarotzea zailtzen duten oztopo gutxigaz eta ezintasun funtzionala duten pertsonentzako egokitutako oinezkoentzako pasabideakaz.

Segurtasunari dagokionez, familiak eta ikasleak gehien kezkatzen dituzten puntu beltzak errepideagaz eta trafikoagaz lotutakoak dira: bidegurutzeak, oinezkoentzako pasabideak, garajeetarako sarbideak, ibilgailuen gehiegizko abiadura, zebrabideak errespetatzen ez dituzten gidariak, eta familien eta haien autoen pilaketa ikastetxeetako guneen inguruan, besteak beste. Hala ere, eskola-inguruneetan istripuen intzidentzia oso txikia da, Udaltzaingoak dituen datuen arabera.

Azkenik, familien iritziz, bideak, zentroak eta haien ingurunea seguruagoak izango lirateke horietan poliziaren presentzia handiagoa izango balitz, azterlanaren arabera.

Herritarrentzako jardunaldi irekia, gaur

Laster hasiko da proiektu honen bigarren fasea, hau da, ekintza-plana abiaraziko duena. Horretan, hainbat lantalderen bidez ikasleak eskolara joateko bide seguruak diseinatuko dituzte. Lantalde horietan ikasleek, familiek eta irakasleek ez ezik, interesa duen edonork ere parte hartu ahal izango du.

“Bideak diseinatzerakoan, diagnostikoan antzemandako puntu gatazkatsuei buruz, batez ere ibilgailuen trafikoarekin zerikusia dutenei buruz jasotako informazioa funtsezkoa izango da ibilbide horietan segurtasuna handitzeko beharrezkoak diren hobekuntza-jarduketak zehazteko”, Arregik aurreratu duenez.

Getxoko Eskola Bidea egitasmoaren arrakasta auzokideen konplizitatearen araberakoa delakoan, Ingurumen Sailak herritar guztiak gonbidatu gura ditu eguenean, hilaren 16an, 17:30ean, Algortako Villamonte kultur etxean egingo den jardunaldi irekian parte hartzera. Jardunaldi horretan Eskola Bidea proiektua aurkeztuko dute, eta orain arte horren inguruan egindako lana azalduko dute. Sarrera librea izango da lekua bete arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun