Getxo Sormen Hub martxan jartzea Sustapen Ekonomikoa Arloak 2020an udalerriko sektore estrategikoei buruzko diagnostikoa egin ostean eta sektoreko enpresei entzun ondoren sortu da. Azterketa horren datuek adierazten dutenez, Getxon erregistratutako enpresa eta profesional guztien % 11k baino gehiagok industria-sektore horretan egiten dute lan, eta sektore horrek % 5 baino gehiago ematen dio BPGari Euskadi osoan.
Horrela, Getxo Itsas Hubegaz 2021eko martxoan egin bezala, orain elkargune berri hau abiarazi dute. Amaia Agirre Getxoko alkateak instalazioetara egindako bisitan adierazi duenez, “lan egiteko, lankidetzan aritzeko, proiektuak abian jartzeko eta udalerrian eragin positiboa sortzeko aukera-espazioak eraikitzen joatea da helburua. Kulturaren eta sormenaren esparru horretan, proiektuak jasangarriagoak izatea ahalbidetuko duen sare bat sortu behar dela ikusi dugu, eta, horrela, aurrera egin behar dela sektore fisikoa sendotzeko bidean. Kulturaren eta sormenaren industriak hogei diziplina baino gehiago hartzen ditu bere baitan, hala nola arkitektura eta diseinu ikasketak, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak eta musika, besteak beste”.
Getxo Sormen Hub
Getxo Sormen Hubek ekintzailetzan oro har eta sormenaren eta kulturaren sektorean bereziki antzemandako beharrei erantzun gura die. Enpresen % 90 baino gehiago mikroenpresak dira, pertsona bat edo bi dituztela. Bakardadea, ekiteko zailtasunak, lankidetzan aritzeko beharra, ezagutza partekatzea, telelana... dira proiektu honek eman gura dituen erantzunetako batzuk.
Getxo Sormen Huben eskuragarri dauden 22 postuetatik 15 bete dira oraingoz. Hartzeke daude proiektu berrietarako eska daitezkeen zazpi lanpostu formatu malguan, https://www.getxo.eus/eu/promocion-economica/hubs-espacios-trabajo webgunearen bidez edo getxosormenhub@getxo.eus helbide elektronikoan.
Lanpostuak lagatzeko aurkeztutako ekimenen eta talde sustatzailearen kalitatea, bizilekua, berrikuntza, emakumeen lidergoa eta proiektuak sormen-sektoreagaz lotuta egotea baloratu ditu. Lagapena bi urterako izango da, eta beste urtebete luzatzeko aukera egongo da. Eremu horretan bizi diren proiektuen tipologia diseinua eta publizitatea, sormena, bideo-jokoak, ekitaldiak, soinua eta bestelakoak dira (% 87 sormenaren sektorekoak dira). % 40 emakumeak dira; % 60 jardunean dauden enpresek aurkeztu dituzte (3 enpresa eta 6 pertsona autonomo), eta % 40 ekintzaileak dira (%67 getxoztarrak dira eta beste % 33 Bizkaiko enpresa edo pertsonak).