Getxok 2009an egin zuen lehen zarata mapa, eta, orain, 2015ekoa eguneratu dute. Izan ere, pertsona batzuen etxebizitzetan metroak eragindako kalteagaz lotutako alegazioez gain, PPk, besteak beste, ordu jakin batzuetan jendea biltzen den eremuetan sortzen den zarata ere Zaraten Mapan sartzea eskatu zuen. Horregatik, gai hori aurrerago egingo den Ekintza Planeko aztergai izango da.
Mapa osatzen dute hurrengo aldagaiek: lau metroko altueraraino iristen diren ingurumen-igorle akustikoek, kaleetako zirkulazioak, errepideetako trafikoak, trenbide zirkulazioak, eta ingurumeneko zaratek. Mapa eguneratuaren arabera, Getxoko biztanleen % 84k dute eguneko bizitegi-eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak baino zarata-maila txikiagoa. Gainera, biztanleen % 2,5ak, hau da, 2.000 bizilagun inguruk, zarata-maila handiagoa jasaten dute. Zehazki, metroaren trenbideak eragiten du gaur egun zaratarik handiena, batez ere, Negubide eta B. Domingo Iturrate kaleetan, eta Trenbidearen etorbidean. Izan ere, 2015ean ez bezala, orduan kaleetako trafikoa zen zarata-gune nagusia.
Ingurumeneko Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotzi Joseba Arregiren esanetan, "egiaztatu dute behera egin duela kale-trafikoak eragindako biztanleria, % 10etik % 1a baino gutxiagora, batez ere, trafikoa baretzeko neurriak ezarri direlako, hala nola, zirkulazio-abiadura 30 km/h-ra mugatzea”.
Hala ere, Bidezabal, Ollarretxe, Euskal Herria, Makaletako etorbidea, Gobelaurre kaleak eta Avanzadako errepidea dira bide-zirkulazio handiena duten guneetako batzuk. Bestalde, foru-errepideen eragina mugatua da biztanle gehien dituzten eremuetatik urrun daudelako. Horren adibide da Uribe Kostako korridorea, izan ere, zaratak soilik errepidera begira dauden fatxadetan du eragina.