Hasi dituzte Iturribarriko alokairu orokorreko 58 BOE eraikitzeko lanak

Erredakzioa 2023ko ots. 21a, 11:04

Beste hainbat BOE eraiki dituzte urteotan Iturribarri inguruan. © GETXOKO UDALA

Algortako Iturribarriko alokairu orokorreko babes ofizialeko 58 etxebizitza eraikitzeko obrak hasi berri dituzte, Areneazpi eta Francisca Labroche kaleen artean, zuinketa-akta sinatu ondoren. Getxoko Udalak eta Visesa sozietate publikoak udalerrian babes publikoko etxebizitzak sustatzeko egindako hitzarmenaren emaitza dira etxebizitza horiek, eta duela urtebete pasatxo Iturribarriko beste lursail batean esleitutako 91 etxebizitzei gehitu behar zaie. Obra 2025aren hasieran amaituko dela aurreikusten da, eta etxebizitzak 2025eko udan Alokabide sozietate publikoari entregatuko zaizkiola kudeatzeko.

Eraikina Arenazpi kalearen ondoan eraikiko dute, eta beheko solairua gehi sestra gaineko beste bost solairuko bloke bat izango da, eta sestra azpiko bi soto izango dituena garajeetarako. Beheko solairuan atari bakarra, zortzi etxebizitza eta garajera sartzeko eskailera egongo dira. Goiko solairuek bizitegi-erabilera izango dute, eta 10 etxebizitza izango ditu solairu bakoitzeko. 58 etxebizitzetatik 43 bi logelakoak izango dira, hiru egokitutako bi logelakoak eta 12 hiru logelakoak. Gainera, 58 garaje egongo dira, etxebizitza bakoitzeko bana.

Etxebizitzen azalera erabilgarria 49 eta 83 metro koadro artekoa da (gehienak terrazagaz), eta partzelak zuhaizti-berdegune zabala izango du. Gainera, eraikinaren eraginkortasun energetikoaren kalifikazioa A izango da. Ur bero sanitarioa termo elektriko indibidualetan sortuko da, eta berokuntza-sistema indibiduala izango da, erradiadore elektrikoen bidez. Horretarako, eguzki-energia fotovoltaikoko sistema bat diseinatuko da, autokontsumorako energia elektrikoa sortzeko eta soberakinak sarera isurtzeko.

Gaur egun, Sarrikobason babes ofizialeko 68 etxebizitza eraikitzeko obrak ere egiten ari dira, eta joan den hilean Venanciosen aurreikusitako 54 etxebizitzetarako obra-lizentzia eman zuten, guztiak ere alokairu orokorreko erregimenean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun