Buruko gaixotasunak ikusarazteko irrati-proiektua jarri dute martxan Getxon

Erredakzioa 2023ko ots. 22a, 09:28

Irratsaioa Vinilo FM irratiko lokaletan egiten dute. © GETXOKO UDALA

Argia Fundazioko erabiltzaileek Vinilo FM irratiko lokaletan La Batidora 30 minutuko irratsaio berri bat jarri zuten martxan joan den eguenean, hilaren 16an, buruko gaixotasunei buruzko sentsibilizazioa sustatzeko asmoz. Proiektua Getxoko Udalagaz elkarlanean abiatu dute; horrek, prestakuntza bideratzeaz eta errazteaz gainera, 15.000 euro eman dizkio proiektuari.

Guztira, 11 pertsonak parte hartu dute tailerretan eta, horietan, Argia Fundazioko erabiltzaileek irratsaio bat abian jartzeko beharrezko informazioa eta laguntza teknikoa landu dituzte, haien gizarteratzea bultzatzeko, haien sormena gizarteratzen laguntzeko eta, aldi berean, haien sormen-trebetasunak handitzeko.

“Proiektu garrantzitsua da  erakundeetatik gaixotasun mentalak ikusarazten eta normalizatzen lagundu behar baitugu, gaixotasun mentalak dituzten pertsonen potentziala eta gaitasuna balioesteaz gain. Tailer horiek kultura-ondasun berriak eskuratzeko aukera ematen dute, sozializazioan eta sormenaren garapenean laguntzen dute, baita komunikazio-trebetasunak hobetzen ere. Gainera, proiektu honek ilusio handia sortzen du parte-hartzaileen artean, eta irratiaren mundua Argia Fundazioko erabiltzaileei hurbiltzeko modu bat ere da”, nabarmendu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun