Getxoko gobernu-taldeak argitu ditu Trinitarioetako lurzoru urbanizatuko jarduketa integratuaren baldintzak

Nahia Martinez Gondra 2023ko mar. 1a, 13:39

Azken egunetan Trinitarioetako lurzoru urbanizatuari lotutako jarduketari buruz argitaratutako berrien ondorioz, Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) ekintza hori definitzen duten baldintzak azaldu ditu. Argitu du Trinitarioetako hirigintza-jarduketa 2001. urteko HAPOn ere bazegoela, “27.1.2 egikaritze-unitatea, San Nikolas area" delakoan, eta bertan aurreikusi zen Aita Felix de la Virgen kalea irekitzea eta lehendik zeuden eraikinak eta eraikuntzak kentzea. Horregatik, azpimarratu du ez dela egia "hori berritasun gisa sartzen denik garatzen ari den HAPOren berrikuspenean".

Gainera, Getxoko Udalak azpimarratu du argitaratutako informazioetan aipatzen diren berdeguneak ez direla ezabatuko; izan ere, HAPOren idazketan proposatzen den lurpeko aparkaleku bat sortzeak aukera emango luke Trinitarioetako aisialdirako eremu naturala handitzeko.

Horrez gain, argitu du jabetza ez dagoela Udalaren esku, baizik eta Algortako Aita Trinitarioen Komunitatea dela "jabetzaren gehiengo nabarmena duena", eta interesdunakaz egindako bilera batean aztertu zituztela gai horiek duela hilabete inguru.

Horren harira, gobernu-taldeak azpimarratu du Trinitarioetako jarduketa integratua hiri-kirurgiako jarduera bat dela, interes orokorraren ikuspegitik ulertzen dena, eta Algortako hirigunea hobetzeko eta herritar guztientzat zuzenduta dagoena. Hala ere, argitu du jabeek hala nahi badute bakarrik egingo dela, "legean eta HAPO berrian ezarritakoaren arabera".

HAPO berrikusteak Trinitarioen jardueren balioak "indartu eta hobetu" besterik ez duela egiten ere azaldu du, eta honako jarraibide hauekaz egingo dela adierazi du gobernu taldeak:

  1. Aita Felix de la Virgen eta Bastiantxuna kaleetan genero-ikuspegiaren puntu beltzak ezabatzea.
  2. Algortako zuzkidura soziokulturalak berrantolatzea eta ingurua biziberritzea, gazteentzako eta gizarte-erakundeentzako eremu berriak sortuz.
  3. Andres Cortina kalea Trinitarios kaleagaz eta Lehendakari Agirre plazagaz hobeto lotzea.
  4. Algortako erdigunean babes publikoko etxebizitza eskaini ahal izatea.
  5. Oinezkoentzako gunea indartzea, San Nikolas plazagaz eta Andres Cortina eta Muxike Aurrekoa kaleakaz lotuta, zentraltasuna hobetuz.
  6. Andikoetxe eta Andres Cortina kaleetako trafikoa berrantolatzea, eta ibilgailu pribatua hirigunetik kentzea.
  7. Bizilagunentzako jabetzako aparkaleku-plazak eskaini ahal izatea eta, horrela, lurrazaleko aparkaleku-plazak kentzea, inguruko hiri-kalitatea hobetuz.
  8. Beste bizileku bat emateko konponbidea aztertzea eta gertuko espazio batera eramatea, Argia Fundazioak bere lana egiten jarrai dezan.
  9. Dagoen urbanizazioa hobetzea, inguruko irisgarritasun unibertsala bermatuz.
  10. Eraikin babestuak mantentzea.

Sinadura bilketa

Udalak zabaldutako oharraren aurretik, Algortako trinitarioak jarduera honen kontra agertu dira behin baino gehiagotan, "haien interesen kontra" doan ekintza bat delako, eta, horregatik, sinadura bilketarako deialdia antolatu dute biharko, martxoaren 2a, Algortako Trinitarioak elizan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun