Lope de Vegako auzia

"Romok frogatu du inposizioei erantzuteko gauza dela"

Iker Rincon Moreno 2023ko mar. 3a, 15:41

Agerraldi jendetsua egin zuten atzo, eguenean, Santa Eugenia plazan.

Asteotan Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kaleko 12 zenbakiko eraikinen defentsan egindako borrokan auzoan pairatutako Ertzaintzaren "errepresioa" eta atxiloketak salatu zituzten atzo, eguenean, dozenaka herritarrek Santa Eugenia plazan egindako agerraldian. Bertan, besteak beste, nabarmendu zuten auzoa proiektuaren kontra dagoela, eta, nagusien eta gazteen arteko elkarlana goraipatuta, azpimarratu zuten egunotako "bidegabekeriek" auzoa "bateratu" egin dutela.

Joan den otsailaren 13an, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegiturak enpresak bidalitako langileak bertaratu ziren Itzubaltzeta/Romoko Lope de Vega kalera, 12 zenbakiko eraikinak eraisteko lanak abiatzeko asmoz. Hori ikusita, hainbat auzokidek protestak abiatu zituzten, "batez ere langileen lana oztopatzeko, baina baita desadostasuna agertzeko ere", atzoko agerraldian tokiko herritarrek azaldu zutenez.

Protestaldi horiei erantzuteko emaitza "betikoa" izan dela deitoratu zuten: "Errepresioa errepresioaren ondotik". Hala ere, gogoratu zuten aurretik ere poliziak auzoan zeudela inguruan: "Abuztuan hesia jarri zutenetik, poliziaren presentzia gehiegizkoa izan da, eta egun hauetan areagotu egin da". Hori dela eta, "polizia-okupazio" horri amaiera emateko eskatu zuten: "Doazela auzotik, ja!".

Protestan ibilitakoen kontrako errepresioaren harira, gogoratu zuten ertzainek hainbat pertsona identifikatu zituztela, beste horrenbestek borra-kolpeak jaso zituztela eta, halaber, hiru auzokide atxilotu zituztela. Horregatik guztiagatik, atxilotako horiek kargugabetu ditzatela exijitu zuten, baita identifikatutako lagunen kontrako prozesurik hasi ez dezatela ere.

Asteotako mobilizazioak mahai-gainean jarrita, atzoko agerraldian batutakoek azpimarratu zuten auzoa belaunaldien arteko zentro berriaren proiektuaren kontra dagoela. Era berean, emandako erantzuna goraipatu zuten, "ezinezkoa litzatekeelako azkeneko urteetan nagusiek, gazteek eta plataformakoek borrokatu duten moduan borrokatu izan ez balute: aupa zuek!".

Ildo horretan, Itzubaltzeta/Romo "inposizioei" aurre egiteko eta erantzuteko gauza dela frogatutzat eman zuten: "Auzokideek erakutsi dute gai direla batera egoteko bidegabekeriei aurre egiteko, eta gaude honek guztiak auzoa bateratu duela; ehuntzen ari garen sareak geldituko ditu datozen erasoak, ez dezatela pirukatu!".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun