Atzo gauean, 22:00ak aldera, herritar batzuk Santa Eugenia plaza ondoko Kresaltzu kaleko zazpi zenbakian dagoen BBVA banketxe ohira sartu ziren. Asanbladako kideek azaldu zutenez, euren helburua hutsik dagoen lokal hori okupatzea zen.
Momentu horretan, Ertzaintzako hainbat agente hurbildu ziren arren, ez zen kaleratzerik egon. Halaber, herritarrei laguntzera hurbiltzeko dei egin zieten sare sozialetatik.
Gaur goizean, 10:00ak aldera, Santa Eugenia plazako inguruak poliziaren furgonetaz eta autoz bete dira eta aldameneko kaleak itxi dituzte. Hasiera batean, agenteak atzeko aldetik sartzen saiatu dira lokalera, auzoko patiotik, baina ezinezkoa zela ohartu direnean, banketxe ohiko pertsiana apurtu eta barruan zeuden sei kideak kanporatu dituzte.
HIRUKAk jakin duenez, sei lagunak aske daude, baina usurpazioa eta kalteak eragitea egotzi diete, eta martxoaren 8an deklaratzera deitu dituzte.