Txirrindularitzaren mundua Getxora ekarriko dute domekan, Tour Egunaren ospakizunean

Erredakzioa 2023ko mar. 7a, 14:25

Getxoko txirrindularitza zirkuitua, artxiboko irudian. EUSKAL HERRI KIROLA

Getxon egingo dute domeka honetan, martxoaren 12an, Tour Eguna; Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Frantziako Tourraren antolakuntzaren ekimen ludiko eta dibulgatiboa da, Bilbok eta Bizkaiko hainbat udalerrik, tartean Getxo, uztailaren 1ean Frantziako lasterketaren hasieran izango duten protagonismoa ospatzeko.

Algortako San Nikolas eta Biotz Alai plazek doako jarduerak hartuko dituzte domeka honetan adin guztietako jendearentzat, 10:30ean hasi eta 14:30era arte. Jarduera horien artean, erakusketa-eremu bat bisitatu ahal izango da, Tourraren historiari eta Bizkaiko txirrindularitzak proba horretan izandako protagonismoari buruzko informazioagaz; halaber, pumptruck edo abilezia pista bat, ginkana bat eta jolas-eremu bat egongo dira haurrentzat; mekanika-tailer bat ere bai; eta hainbat karpa bizikleta elektrikoen hainbat modelo probatu ahal izateko. Era berean, arrabolezko bizikletan mendateetara igotzeko simulazioa duten pantailak egongo dira; edota bide-segurtasunari buruzko sentsibilizazioa eskainiko da eta Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioak egokitutako hainbat bizikleta jarriko ditu interesdunen eskura. Halaber, Tour Egunean kirolaren alderdirik sozialena ere izango da, BizkaiaGaur, lurraldeko pertsona, erakunde eta erakundeen zerbitzura, herritarren ekintzarako, boluntariotzarako eta komunitate-lanerako gunearen bitartez..  

Jaiegun horretan, Foru Aldundiak eta Getxoko Udalak omenaldia egingo diote Getxoko txirrindularitzari, kirol horri egindako ekarpenarengatik eta harekiko konpromisoarengatik. Zehazki, honako hauen lana aitortuko dute: Punta Galea Txirrindulari Elkartea, Ricardo eta Javier Otxoa anaiak, Roberto Laiseka, Iñigo Landaluze, Jonathan Castroviejo, Karmele Arrizabalaga, Roberto Brunet eta Iñigo Mentxaka.

Tour Eguna dela eta, 11:00etan, 20 minutuko bizikleta-martxa egingo da Algortako erdigunean. San Nikolas plazatik irten eta Algortako etorbidea, Mariandresena eta Telletxe igaroko dira gainerako jarduerak garatuko diren eremura itzultzeko. Horregatik, Udaltzaingoak ibilgailuen trafikoa etengo du Algortako etorbidea eta Telletxe lotzen dituen bidegurutzean, 10:45etik 11:30era bitartean.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun