Ziber-eraso batek agerian utzi ditu Getxoko Udalak gordeta zituen 2017ra arteko datu pertsonalak

Erredakzioa 2023ko mar. 7a, 16:15

Artxiboko irudia.

Udal-iturriek jakinarazi dute Getxoko Udalari zerbitzuak ematen dizkion enpresa batek segurtasun-arrakala bat antzeman duela informazio-sistema korporatiboetatik kanpoko informazio-sistemetan, 2017ko ekitaldira arte indarrean zeuden datu pertsonalen konfidentzialtasunari eragin diezaiokeena, eta Getxoko Udala dela datu horien tratamenduaren arduraduna.

Udalak azpimarratu duenez, konpromiso sendoa du herritarren datuen segurtasunagaz, eta, beraz, indarrean dagoen araudian aurreikusitako prozedura indarrean jarri du.

Segurtasun-arrakala jasan duen enpresak gertakaria konpontzeko eta eragina minimizatzeko beharrezko neurriak hartu ditu. Neurri horiek segurtasun-neurri informatikoak berrikusi, indartu eta ezartzea izan dira.

Era berean, gardentasun-printzipioa eta datu pertsonalen babesaren arloan indarrean dagoen araudia betetzeko, intzidentearen berri, epearen barruan, eman zaio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari.

Getxoko Udalak herritarrei gogoratu die eraso zibernetikoak ugaritzen ari diren testuinguru honetan badaezpadako eta kontrol pertsonaleko neurriak hartzen jarrai dezatela, beren datuen iruzurrezko edozein erabilera saihesteko, hala nola jasotako mezu elektronikoen bidaltzailea egiaztatzea eta bidaltzaile ezezagunen artxiboak ez irekitzea.

Segurtasun-arrakalaren kudeaketari buruzko informazio gehiago gura izanez gero, interesatuek harremanetan jar daitezke Getxoko Udalagaz infodatuak@getxo.eus  helbide elektronikoaren bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun