Aixerrotako taberna-jatetxea 20 urtez ustiatzeko emakida eman du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2023ko mar. 9a, 10:15

Aixerrotako eraikina. CC-BY ZARATEMAN

Aixerrota Gropoel10 S.L enpresak ustiatuko du hurrengo 20 urteetan –beste bost urtez luzatzeko aukeragaz– Aixerrotako eraikina taberna-jatetxe gisa. Hala jakinarazi du Getxoko Udalak, tokiko gobernu-batzordeak enpresa horri emakida eman ostean. Enpresak 6.004 euroko aldizkako kanona ordaindu beharko du hilero. Eraikineko dorrearen ardura Udalak gordeko du, eta bera arduratuko da horren gestioaz.

“Taberna-jatetxea ustiatzeko emakida eman ondoren, orain enpresa esleipendunak, egoki iritziz gero, obrak egin ahal izango ditu ekipamendua egokitzeko, udal lizentziak eta baimenak eskatu eta jaso ondoren. Beraz, negozioa ez da irekiko zenbait hilabete igaro arte”, Alvaro Gonzalez Kontratazio eta Ondare zinegotziak adierazi duenez.

Eraikinak bi solairu ditu, gutxi gorabehera 266,06 metro koadro erabilgarriko erdisoto bat eta 370,53 metro koadro erabilgarri inguruko beheko solairua dauzka. Beheko solairu horretan kokatzen dira jatetxea eta taberna-kafetegia ere, portxetik sarrera independentea daukana; terraza bat ere badauka, kanpoaldean. Dorreak bestalde, 77 metro koadro ditu, baina emakidaz kanpo geratzen da eta bere gestioaz Udala bera arduratuko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun