169 lan lehiatuko dira aurtengo Ramiro Pinilla Eleberri Laburren Txapelketan

Erredakzioa 2023ko mar. 10a, 08:59

Ramiro Pinilla idazle ospetsuaren omenezko sariketa da hau.

Ramiro Pinilla Eleberri Laburren VI. Lehiaketarako lanak jasotzeko epea amaitu da eta literaturaren munduko erantzuna ezin hobea izan du, antolatzaileen arabera. Guztira, askotariko lekuetatik etorritako 169 lan aurkeztu dira horretara. Jasotako testuetatik, 28 Hego Euskal Herritik datoz, eta horietako sei, Getxotik. Gainerako 141 eleberriak Estatuko ia erkidego guztietatik etorri dira, Madrilgo eta Valentziako parte-hartzea nabarmenduta. Sariketa irailaren 15ean izango da.

Sei urteko ibilbidean, Ramiro Pinilla idazle getxoztarraren omenezko lehiaketa erreferente bihurtu da literaturaren sektorean, EAEn zein EAEtik kanpo. Jasotako lanen kopurua eta horien aniztasunak (eleberri historikoa, intrigazkoa, sentimentala, kostunbrista…) lehiaketaren garrantzia bermatzen dute, orain arte irabazle izan diren lanen kalitateagaz batera. Izan ere, orain arte, saritutako lan gehienak argitaratu dira edo argitaratzeko bidean daude.

Getxoko Kultur Etxeak sustatzen duen lehiaketak Pinillesca kolektiboaren ekimenez sortu zen eta bi helburu ditu: idazle ospetsuaren oroitzapena mantendu eta literatura-sorkuntza bultzatu. Bi sari emango dituzte lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko lanentzat, irabazleek 6.000 euro bana jasoko dituztela. Sariaz gain, lana argitaratzeko 1.000 euroko laguntza ere emango zaie saridunei. Epaimahaiak, literatura arloko aditu ospetsuek osatutakoa, irailaren 15ean jakinaraziko ditu irabazleen izenak, egun horretan bertan Muxikebarrin ospatuko den sari-banaketa ekitaldian.

Haur lehiaketa

 Helduentzako lehiaketagaz batera 6. Txiki Baskardo Kontakizunen Lehiaketa ere abian jarri da. Ramiro Pinillaren lana ezagutzera emateaz gain, ekimen horren bitartez DBHko 1. mailako ikasleen artean literatura-zaletasuna bultzatu gura dute arduradunek. Tokiko zenbait ikastetxetako ikasleek parte hartuko dute eta, aurreneko fasearen ondoren, finalistak hautatuko dira.

Finala maiatzean izango da Getxoko Kultur Etxeko areto batean eta partaideek 120 minutu izango dituzte luzera askeko kontakizun bat eskuz idazteko, epaimahaiak zehaztutako esaldiari jarraituz. Esaldia Ramiro Pinillaren Txiki Baskardoren ibilerak liburutik aterako da. Sari bat izango da hizkuntza bakoitzeko. Irabazleek 10 hazbeteko tablet elektroniko bat jasoko dute eta finalistei diploma eta Getxoko edozein liburu-dendatan liburuak erosteko 50 euroko txekea emango zaizkie.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun