Inguruko eraikin gutxik ikusi dute Galeako gotorlekuak adina. Bere izena daraman lurmuturrean, Abrako badiara begira, 280 urte eman ditu tokiko itsasoko joan-etorriak zelatatzen. Ia hiru mendeotan, askotarikoak bizi izan ditu: gerrak, suntsiketak, birmoldatzeak eta abandonuak. Azkena, 1973an, bi hamarkadatan zehar ostalaritza-gune bizi-bizi bat hartu ondoren, behin betiko ateak itxi eta naturak berea egin duen arte. Galeako pasealekutik igarotzen diren auzokideek eta bisitariek bertan topatzen dute euren ibilaldietan kareharri eta hareharrizko eraikin puska hori, bere lasaitasunean, iraganari begira, aspaldiko distirara itzultzeko esperantzan.
Tokiko ondarerik ikusgarrienetakoa da Galeako gotorlekua edo Printzearen gaztelua izenagaz ere ezaguna dena. Bizkaian geratzen den XVIII. mendeko eraikuntza militarraren adibiderik onena da, eta hori berreskuratzeari ekingo dio laster Getxoko Udalak, Punta Begoña Fundazioaren eskutik. "Uneotan, eraikina berreskuratzeko eta balioesteko plan zuzentzailearen oinarriak ezartzen ari gara", zehaztu du Maria Peraitak, erakundeko zuzendariak. Dioenez, Begoñako galeriak berreskuratzeko prozesuan ikasitakoan oinarrituta abiatuko dute prozesua, "ekiteko modu hori benetan funtzionatzen duelako; ahalbidetzen duelako ondarea berreskuratzea eta, aldi berean, bizitzaz betetzea, herria izan dadin horretaz gozatzen duena". Ildo horretan, azpimarratu du hori dela euren helburua: ondarea berreskuratzeko inbertsioak herriari bueltan ematea, "publikoa delako, denona. Mota honetako prozesuetan ezin da gune bat fosilizatu; ezin da itxita gelditu".
"Ezagutzen dena bakarrik baloratzen da, eta soilik babesten da baloratzen dena. Horregatik, ondarea balioan jartzeko beharra dugu"
Peraitaren arabera, Galeako gotorlekua herriarekiko identitate-osagai oso indartsua duen eraikina da: "Berau eraiki zutenetik hasita, oso lotura estua du Getxogaz, baita getxoztarrakaz ere". Azpiegitura finkoa eraiki aurretik, bertan, Galean, Abrako badia kontrolatzeko, Portugalete eta Bilbora zihoazen itsasontzi komertzialen joan-etorriak zelatatzeko eta baleak ehizatzeko begiztatze-puntu estrategikoa zen. Hala, XVI. mendearen akabuan, talaia bat ezarri zuten hor, hala ere, datu historikoek irudikatzen dutenez, badirudi Erdi Aroan daborduko kokapen hori erabiltzen zela unean uneko zaintza-lanak egiteko. "Inguruotako garapenaren lekuko izan da puntu hau", nabarmendu du Peraitak.
Atzera begirako kronologia...
Garai Modernoan, aldiz, inguruko hiribilduak kanpotik etor zitezkeen erasoetatik babesteko asmoz, XVII. mendean gotorleku militarrak eraikitzen hasi ziren badiako alde bietan; gurean, Galeakoaren aurretik, honakoak egin zituzten: Algortako Portu Zaharrean, zaharrena; Usategiko San Inazioko lurmuturrean, garrantzitsuena; eta Begoña lurmuturrean, XVIII. mende hasierakoa. Galeakoaren ondoren ere, beste bat eraiki zuten osagarri gisa Arrigunagan, gaur egun horren aztarnak ere ikus daitezkeenak, XVIII. mendearen amaierakoak.
"Ikusezina dirudien arren, askotan, ondarea berreskuratzeko inbertsioak bueltan datoz; tokiko ekonomia hauspotzen da zuzenean edo zeharka"
Horietatik eta Bizkaian geratzen diren guztietatik, garai hartako eraikuntza militarren adibiderik onena eta hobeto kontserbatuena dugu Galeako gotorlekua. Britainiarren balizko eraso batetik babesteko asmoz, Espainiako errege-erreginek Bizkaiko jaurerriari eskatu zioten daborduko existitzen zen defentsa-sistema hobetzeko. Hala, Jaime Sycre ingeniariaren zuzendaritzapean, tokiko eta inguruko herrietako 600 lagunek Galeako lurmuturrean gotorlekuak eraiki zituzten 1743an, gaur egun ikus daitekeena eta daborduko desagertuta dagoen txikiago bat iparralderago. "Zeregin horretan parte hartu zuten auzokideen izen-abizenak ditugu, horren zerrenda gaur egunera heldu da-eta", azaldu du Peraitak.
Presaka eraiki zituzten biak, britainiarren erasoetatik babesteko; hala ere, Ondorengotza Gerra amaitu eta gotorlekuak ez ziren erabili. Hala, ondorengo urteetan horiek mantentzeari eta birmoldatzeari ekin zioten, "horren arin egin zituztenez, gauza batzuk hobetu behar zituzten". Hala, XVIII. mendeko bigarren erdialdean askotariko erreformak bizi izan zituen Galeako gotorlekuak, tartean, itsasargi bat eraiki 1782an, Donostiako Igeldokoaren ereduari jarraituta. Bizkaiko lehenengo itsasargia izan zen hura, eta bigarrena Euskal Herrian. Garaiko farozaina Bilbo hiribilduagaz komunikatzen zen banderen sistema korapilatsu baten bidez. Gaur egun ez dago azpiegitura horren arrastorik, baina ikerketa arkeologikoek baieztatu dute gotorlekuaren barruan zegoela eta lauangeluarra zela, besteak beste.
"Ondarea da ezberdintzen gaituena, gu egiten gaituena. Gordetako ondare horregatik ez balitz, herri guztiak berdinak izango lirateke"
XIX. mendean, aldiz, gotorlekua garaiko gatazka-militar askotako parte izan zen, tokiko kokapen estrategikoagatik, bertako kanoiak eta babesak defentsarako zein erasorako erabili ez zituzten arren. "Gerra-fronteak ez ziren hona ailegatu, baina behin plazak hartuta, ulertuta lekua estrategikoa zela, armadek gotorlekua suntsitu zuten behin baino gehiagotan, 1812an eta 1836an, hain zuzen", azaldu du Punta Begoña Fundazioko zuzendariak.
Behin bere izaera militarra alboratuta, azpiegiturak bizirik jarraitu zuen ingurua zelatatzeko zuen ahalmenagatik. Hala, 1852an, lehenengo dorrea baztertuta zegoela, bigarren itsasargi bat eraiki zuten, gaur egun ikus dezakeguna, baita farozainaren eta haren familiaren etxea izango zena ere urte batzuk geroago. Denborak aurrera egin ahala, baina, hori ere erabilerarik gabe geratzen hasi zen, ez zuelako indar edo ahalmen askorik: "Industrializazioa hasi zenean, ingurua urbanizatzen eta fabrikak eraikitzen hasi zirenean, azken horien eta labe garaien argiak eta itsasargiaren distirak nahasten ziren, eta, ondorioz, azpiegitura honen erabilerak zentzua izateari utzi zion". Hala, 1905ean, erabiltzeari utzi zioten. Lau hamarkada eman zituen utzita, 1947ean Espainiako Gobernuak Getxoko Udalari laga zion arte, baldintza baten truke: aisialdirako erabiltzea. Hala, obra txiki batzuk egin ondoren, ostalaritza-gune bat sortu zuten bertan, 1950ean, eta hala jarraitu zuen 1973era arte, behin betiko ateak itxi zituen arte.
"Ondareak nondik gatozen kontatzen digu, zein izan den gure eboluzioa eta kultura. Beraz, horretaz jabetu behar gara, eta hori mantendu. Denon ardura da"
Ordutik, gunea biziberritzeko hainbat saiakera egin dituzte, baina guztiek porrot egin dute. Orain, baina, Punta Begoña Fundazioak horri erabilera berri bat emateko saiakera egingo du. "Prozesu zaila izango da, Begoñako galerietan gertatu den bezala. Ondarea bakarra da, eta egindako guztiak eragina izango du horretan. Hala, gure helburua da berreskuratze-lanak sostengarritasun batetik abiatzea, tokiko balioak errespetatuta eta azpiegituraren barruan zentzua izan dezan".
Peraitak oraindino ezin du zehaztu noiz ekingo dioten lanari, baina aurreratu du interbentzio batzuk "laster" abiatuko dituztela. Hala ere, argi du ondarea herriarena dela, eta auzokideek horren parte izan behar dutela. Kontuak horrela, uste du garrantzitsua dela tokikoek prozesu horretan parte hartzea, eta horretarako bisitak ahalbidetzea aukera ona dela, "baina ikusiko dugu zelan egin: galerietan bezala, obrak egin ahala; ala Gasteizko katedralean bezala, lanak aurreratu ondoren. Zehazteke dago hori oraindino, hausnarketa sakona egin beharra dago, eta horren arabera erabakiko ditugu datak".