Emakume eta Gizonen Berdintasunerako V. Planaren saio parte hartzailea egingo dute martxoaren 14an Getxon

Erredakzioa 2023ko mar. 10a, 12:44

Getxoko Udalak sustatutako udalerriko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako V. Planaren barruko partaidetza bidezko saioa egingo dute datorren martitzenean, martxoaren 14an, 16:30etik aurrera. Saioa Getxo Elkartegian izango da eta, udal-iturriek azaldu dutenez, une honetan Udala 2023-2026 aldirako programen eta jarduketa-neurriak zehazteko lan egiten ari da.

Saioaren helburua izango da eztabaidarako eta kontrasterako gunea sortzea ekarpenak egiteko interesa duten gizarte-kolektiboakaz, erakundeakaz eta herritarrakaz, bere iritzi eta iradokizunakaz udalerriko berdintasun politikak datozen lau urteotan bideratuko dituen Plana aberasteko.

“Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana Gobernu Taldearen Legegintzaldi Planean jasota dago. Denbora horretan, diagnostikoa egin da eta Plana egin da, udal-arloekin zeharka lan eginez. Puntu honetara iritsita, bilera honen bidez, dokumentu hau kontrastatu nahi dugu eta hainbat emakumeren ekarpenak jaso nahi ditugu, besteak beste, Berdintasun Kontseilukoenak, Emakumeen Etxea eraikitzen parte hartu dutenenak, Jabekuntza Eskolara joan direnenak eta Getxoko emakume-elkarteetako kide direnenak. Hemendik parte hartzera animatzen dugu, ziur baikaude ekarpenek nabarmen aberasten dutela prozesua”, nabarmendu du Carmen Diaz, Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Topaketaren dinamizazioa Planaren dokumentua egiteaz arduratzen den entitateko Dominique Saillard eta Laura Modonato kideak arduratuko dira. Saioan parte hartu gura dutenek izena eman dezakete eberdintasuna@getxo.eus helbide elektronikoan edo 944 660 136 telefono zenbakian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun