Getxoko Zabala eta Geroa ikastetxeetako jolastokiak ere irekita egongo dira eskola-orduetatik kanpo

Erredakzioa 2023ko mar. 13a, 09:49

Geroa ikastetxea, artxiboko irudian.

Getxoko bost ikastetxe publikotako jolastokiak irekita egongo dira eskola-orduetatik kanpo laster. Izan ere, daborduko aukera hori eskaintzen duten Andra Mari, Zubileta eta Romo eskolei batuko zaie Zabala eta Geroa. Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak azaldu duenez, ekimen horren helburua da eremu publikoen eskaintza zabaltzea, "herritarrek, oro har, eta gazteek, bereziki, udalerriko auzo guztietan gozatzeko. Horrela, Getxoko haurrei aisialdirako aukera bat ere eskaintzen diegu, testuinguru seguru eta hurbilean, astialdia aprobetxatzeko”.   

Getxoko Udalak 113.500 euroan esleitu du ikastetxeetako ikasketa-gelak, kirol-instalazioak eta barne-instalazioak ikastorduetatik kanpo kudeatzeko eta kontrolatzeko zerbitzua. Kontratuak urtebeteko iraupena du (beste urtebete luzatzeko aukera izanik). 7.000 ordu daude erabilgarri laguntzaileentzat eta 200 koordinazio-ordu.  

Eskolako patioak

Andra Mari, Zubileta eta Romo zentroetako patioak, kasu bakoitzaren arabera, astelehenetik bariku arrastira eta zapatu eta domeketan irekiko dira, ordutegi desberdinetan, eta kontroleko laguntzaile bat izango dute etengabe. Gainera, tokiko taldeek kirol-instalazioak erabiltzen jarraituko dute entrenamenduak egiteko.

Geroa eta Zabala aisialdirako guneen eskaintzan sartuko dira aurten, eta ez dute kontroleko langilerik izango modu jarraituan. Guneak ezarritako orduetan ireki eta itxiko dira.

Ikasgelak

Aurten, berrikuntza gisa, barruko eremuak (ikasgelak) ere eskatzeko aukera dago Andra Marin, Zubiletan eta Romon. Ordutegia izango da ireki baino ordu erdi geroago eta itxi baino ordu erdi lehenago.

Ordutegi guztiak hemen kontsulta daitezke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun