Jolasetako nesken haurren taldea, Espainiako txapelduna

Erredakzioa 2023ko mar. 15a, 09:35

© R.C. JOLASETA

Real Club Jolasetak irabazi du Espainiako Haur Mailako XIII. Txapelketa, Sant Cugaten (Herrialde Katalanak) joan den martxoaren 4-5eko aste-akabuan jokatutako finalean Atletic Terrassari irabazita. Neguriko taldeak talde katalana gainditu zuen penaltien txandan, partida 3nako berdinketagaz bukatu ondoren.

Jolaseta taldeko arduradunek azaldu dutenez, haien jokalariek multzoen fase ezin hobea egin zuten, eta hiru garaipen lortu zituzten. Finalerdietan anfitrioiaren aurka jokatu zuten, eta 3-1 irabazi zuten. "Klubarentzat oso garrantzitsua da titulu hau, Hockey Eskolan azken urteetan egindako lanaren emaitza da. Txapelketetan egotea ia betebeharra da guretzat", adierazi du Jolasetako belar hockeyko koordinatzaile Joan Fitok.

"Taldeak txapelketa osoan izan duen jarrera izan da gakoa, talde bat bezala funtzionatuz zelai barruan eta kanpoan. Neskek erakutsi zuten heldutasuna oso garrantzitsua izan zen emozioak eta denborak kontrolatzeko. Emaitza honek hurrengo txapelketetan hobeak izatea eskatuko digu", adierazi du Carlos Bejar entrenatzaileak.

Garaipena ez da erraza izan neskentzat, eta horrek gehiago baloratzen du titulua. "Partida oso lehiatua izan da, eta bagenekien xehetasunetan erabakiko zela. Amaierarako minutu gutxi falta zirenean kontrako emaitza bati buelta emateko gai izateak, txapelketa honek guretzat balio handiagoa hartzea ekarri du; inoiz ez genuen geure burua titulutik urrun ikusi", aitortu du Alvaro Goyoaga taldeko entrenatzaileak.

"Txapelketa bakarra eta errepikaezina izan da alderdi guztietan, taldea izan da gakoa lehiaketan zehar, eta jokoari dagokionez oso hockey ona egin dugu", esan du Asis Landin entrenatzaileak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun