Pertsona bi atxilotu dituzte Getxon etxeetan lapurreta egitea egotzita

Erredakzioa 2023ko mar. 16a, 07:48

Atzemandako tresneria. ERTZAINTZA

Ertzaintzak 42 eta 35 urteko gizon bi atxilotu zituen joan den domekan Getxon, indarra erabiliz lapurreta egiten saiatzea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, poliziek etxe bateko sarraila manipulatzen ari zirenean harrapatu dituzte, eta, aurretik, inguruko beste etxe batean ere sartzen saiatu direla egiaztatu dute. Iturriek azpimarratu dutenez, atxilotuek ateak irekitzeko erreminta bereziak zituzten.

Joan den domekan, hilaren 12an, 19:00ak aldera, Ertzaintzak dei bat jaso zuen Algortan zeuden bi pertsonen jarrera “susmagarria” zela esanez. Agenteak lekura hurbildu zirenean, susmagarrien bila ari zirenean, etxebizitza-eraikin baten barruan gizon bi atzeman zituzten. “Horiek koordinatuta zeuden, eta bat zaintza-lanetan ari zen bitartean, bestea etxe bateko sarraila gakorde batekin manipulatzen ari zen”, azaldu du Segurtasun Sailak.

Horren aurrean, eta inguruko etxe bateko ateak bortxatu izanaren arrastoak zituela egiaztatu ondoren, ertzainek gizonezkoak atxilotu zituzten jendea bizi den etxean indarra erabiliz lapurreta egiten saiatzea leporatuta. Susmagarriei egin zieten miaketan dirua eta ateak irekitzeko erreminta espezializatuak aurkitu zizkieten.

Polizia-ikerketaren ondorioz jakin ahal izan da atxilotuetako batek nazioarte-mailan Schengen seinalamendu bat zuela indarrean indarra erabiliz lapurreta egiteagatik.

Atxilotuak Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten zegozkion polizia-eginbideak hasteko, eta herenegun, martitzenean, jarri zituzten epailearen eskuetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun