Nazioarteko puntako adituak batuko dira Getxon hilaren 24an, Tokikomen 10. urteurreneko jardunaldietan

Erredakzioa 2023ko mar. 16a, 12:51

Euskarazko 76 toki komunikabide batzen dituen Tokikom taldeak martxoaren 24an ospatuko du bere 10. urteurrena, Getxoko Olatua gurutzaontzien terminalean egingo dituen "Komunikabideak etorkizuna ehuntzen" jardunaldien bidez. Jardunaldiok antolatzeko, Tokikomek Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EITBren babesa izan du, baita Uribe Kostako HIRUKA komunikabidearen laguntza ere.

10. urteurrena okasio berezia da zalantzarik gabe, eta hori azpimarratzeko, Tokikomek komunikazioaren alorreko punta-puntako adituak gonbidatu ditu Getxora, hala bertakoak nola nazioartekoak.

Toki-kazetaritza eta demokrazia soziala: Europako esperientziak

Komunikazioaren esparrua nazioarteko zein estatu mailako enpresa handiek kontrolatzen duten testuinguru batean, tokian tokiko komunikabideak funtsezko eragileak dira demokrazia soziala bermatzeko. Printzipio horretan oinarritua, Europan zehar abian diren hainbat ekimen ezagutuko ditugu haien sustatzaileen ahotik.

BBC: Local News Partnerships eta Shared Data Unit

Erresuma Batuko BBC irrati-telebista publikoak lankidetza programa aitzindaria du martxan: Local News Partnerships delako programaren bidez, BBCk Erresuma Batuko toki komunikabideetako profesionalak formatu eta teknikoki ere hornitzen ditu, tokiko medioek zein korporazio publikoak sortutako edukiak erraz trukatzeko hitzarmen baten baitan. LNP ekimenaren arduradunak, Jason Gibbins-ek, xehetasun gehiago kontatuko ditu.

Peter Sherlock LNP ekimenaren adarretako baten burua da. Shared Data Unit delakoaren bidez, BBCk eta toki komunikabideek datu-kazetaritza egiteko datu bilketa eta datu horien tratamendua ere egiten dute elkarlanean. Esperientzia horren berri ere jasoko dugu Jardunaldietan.

The Caerphilly Observer

The Caerphilly Observer Hegoaldeko Galeseko toki komunikabidea da, eta bete- betean sartuta dago BBCrekiko lankidetza egitasmoetan. Bere sortzaileak, Richard Gurner-ek, programa horien esperientziaren berri emango digu, toki komunikabide baten ikuspegitik.

Norvegiako toki komunikabideak eta telebista publikoa

Landslaget for Lokalaviser, edo LLA, Norvegiako toki komunikabideen elkartea da. Han ere, toki komunikabideek lankidetza esperientzia interesgarria abiatu dute NRK telebista publiko estatalarekin. Tomas Bruvik LLA elkarteko Idazkari Nagusia da, eta orain arte bizi izandakoa zein etorkizuneko planen berri ere emango digu.

SARETZEN egitasmoa: EiTB eta TOKIKOM ere lehen pausuak ematen

EiTB eta Tokikomen artean ere, datu kazetaritza elkarlanean lantzeko lehen urratsak ematen ari gara, SARETZEN ekimenaren bidez. EITBko erredaktorea den Oihane Mateosek eta Uribe Kostako HIRUKA komunikazio-taldeko Iker Rincon Moreno kazetari multimediak azalduko dute zertan den egitasmoa.

Kazetaritza eta aisialdia: datuak eta proposamen berriak

IKUSIKER: euskal gazteen eduki eta informazio kontsumoa

Edorta Arana eta Bea Narbaiza EHUko irakasleak eta ikertzaileak dira, eta IKUSIKER ikerketa taldeko partaideak. Nagusiki, euskal gazteen eduki eta informazio kontsumo ohiturak, moduak eta joerak aztertzen dituzte. Euren ikerketen azken emaitzen berri emango digute Getxon.

PRIMERAN, ikus-entzunezko plataforma publikoa

Hain zuzen ere, gazteen kontsumo ohitura horietara hurbiltzeko asmoz, EITB taldea Primeran ikus-entzunezko plataforma garatzen ari da. Unai Iparragirrek, ETBko zuzendariak, plataforma horren ezaugarrien aurrerapen txiki bat egingo du.

Kazetaritza eta digitalizazioa. Aukerak eta erronkak

Digital News Report, albiste eta edukien kontsumo joerak munduan eta Espainian

Reuters Institute ezagunak Digital News Report txostena egiten du urtero, mundu osoko albiste eta eduki kontsumoaren inguruko joerak aztertuz.

Espainiari dagokion partea UNAVek egiten du. Avelino Amoedo @digitalunav- Center for Internet Studies and Digital Life zentroko ikertzailea da, eta lehen eskutik kontatuko digu nazioarteko txosten horrek zer dioen munduko zein Espainiako eduki eta albiste kontsumo joeren inguruan.

Adimen artifiziala toki komunikabideetan

Adimen artifiziala eta ChatGPT bezalako tresnak ahotik kendu ezinda gabiltzan honetan, zer aukera eta zer arrisku dakarte halako tresnek tokiko kazetaritzarako? Karma Peiró Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan espezializatutako kazetaria da, eta aukeren eta erronken inguruan hitz egingo digu.

Toki komunikabideen elkarteen manifestua

Zati akademikoaz gain, aldarrikapena ere ez da faltako martxoaren 24ko Jardunaldietan. Hamargarren urteurrena aprobetxatuz, eta azaroan Bartzelonan hasitako bideari jarraiki, toki komunikabideen beste bost elkarte gonbidatu ditu Tokikomek ekitaldira:

  • Associació Catalana de Premsa Comarcal
  • Associació de la Premsa Comarcal Valenciana
  • Associació de Mitjans Digital de la Comunitat Valenciana
  • Associació de Premsa Forana de Mallorca
  • Associació de Premsa Local de Menorca

Sei elkarteek batera, toki komunikabideen elkarteen manifestua sinatuko dute Getxon. Manifestuan, alde batetik, toki komunikabideen eta beraien jardueraren garrantzia azpimarratuko dute, eta bestetik eskari zuzena egingo diete Espainiako Estatuko administrazio publikoari, toki komunikabideen sektorea kontuan hartu dezaten hala publizitate instituzionalaren nola diru-laguntzen banaketan.

Izen ematea zabalik martxoaren 17ra arte

Jardunaldiak, esan bezala, martxoaren 24an izango dira, Getxoko Olatua gurutzaontzien terminalean. Izena emateko epea martxoaren 17ra arte dago zabalik. Informazio gehiago eta izen emateak: https://tokikom.eus/jardunaldiak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun