Zer da Getxo Zurekin?
Getxo Zurekinen helburua da doluagatik, bakardadeagatik edo bestelako atsekabe-egoeren ondorioz sufritzen ari diren pertsonei komunitatetik abiatuta erantzun bat ematea. Ezin badugu komunitatea ahaldundu eta tresnak eman sufrimendu hori sostengatzeko, pertsonek nola egingo dute aurrera euren bizitzetan? Zaindu gabeko doluek eragindako hainbat depresio kroniko ikusten ari gara. Euren familiako kide batez hainbat urtez zaintzen egon diren pertsonak ikusten ditugu, eta gizarteagaz erabateko deskonexioa duten kasuak daudela konturatu gara, gizarteak ez dakielako besteren mina sostengatzen. Askotan, gure inguruko norbait sufritzen ari denean ez dakigu horri nola erantzun, ez dugu galdetzen, eta galdetzen baldin badugu dena ondo doala erantzutea espero dugu, bestela, ez dugu jakiten zer egin edo nola ihardetsi. Getxo Zurekin sortu zen ahaldundutako komunitate bat sortzeko, besteren sufrimenduan laguntzeko baliabideak emateko, eta, horrez gain, pertsonen gabeziak eta beharretatik erantzun sendoak emateko.
Horrez gain, Getxo Zurekin hiri errukiorren sarearen barruan dago, daborduko 10 udalerrik osatzen duten Euskadiko komunitate errukiorraren baitan. Laburbiltzeko, komunitate bat osatu dugu besteen sufrimenduari erantzun ahal izateko.
Zuen oinarrietan paradigma aldaketa batez berba egiten duzue. Gizarteak aldaketa bat behar du heriotzari aurre egiteko orduan?
Bai, hala da. Horregatik, besteak beste, udalerrian heriotzari buruz berba egiteko Death Cafeak ere abiatu genituen, aditzera emateko heriotza existitzen dela eta ez dela ezer gertatzen horretaz hitz egiteagatik. Denok sufritzen dugu heriotzagaz, beraz, zergatik ez gara horretaz mintzatuko? Guk sortutako ekimenak horregaz daude lotuta, batzuk zabalagoak dira eta hainbat alor hartzen dituzte, eta beste batzuk doluaren akonpainamendura bideratuta daude. Horretarako, zutabe ezberdinak ditugu: sentsibilizazioa, ikerketa, formakuntza eta dokumentazioa.
Getxo Zurekin sortzeko ikerketa sakon bat abiatu genuen udalerriko egoera eta beharrak identifikatzeko; horretarako, hilerrietara, ile-apaindegietara, dendeta eta bestelakoetara joan ginen. Oraindino horretan jarraitzen dugu, komunitatea entzuteko jarduerak egiten, zer gertatzen den eta beharrak zeintzuk diren identifikatzeko, eta eman ditzakegun erantzunak bilatzeko. Egiten ditugun ekintza guztiek dute zerikusia heriotzaren akonpainamenduagaz, ikusten ez dena ikustarazteko eta udalerrian landu ez diren gaiak balioan jartzeko.
Heriotza tabua da. "Gure gizartean heriotza tabu bat baldin bada, suizidioaren kasua are okerragoa da. Guk helarazi gura dugun mezua da kasu bietarako hor gaudela eta hemen toki bat dagoela entzuna izateko eta laguntza jasotzeko"
Horren beste adibide bat da garatzen ari garen Getxo ZUrt! suizidioaren komunitate-proiektua; zergatik ez dugu suizidioaren inguruan berba egingo?
Getxon inork ez du bere buruaz beste egin ala? Beldurra dugu horren inguruan berba egiteko, pentsatzen dugulako jendea triste jarriko dela eta okerrago egongo dela, baina hori ez da horrela. Jendeak benetan eskertzen du, ikusten duelako ez daudela bakarrik euren sufrimenduan. Beraz, Getxo Zurekinen helburua da guztiok ditugun beharrizanetara erantzunak eman ahal izateko guneak sortzea; ez da beste munduko ezer.
Zer gehiago esan ahal diguzu Getxo ZUrt! ekimenaren inguruan?
Hori lantzeko komunitate-proiektua 2021ean abiatu genuen, bestak beste, COVID-19ak eragin zuen beldur emozional horren eraginez. Jon Garcia Ormaza psikiatra getxoztarrak hainbat urte zeramatzan suizidioaren prebentziorako komunitate-proiektu bat sortzeko ahaleginetan, eta gu hortik abiatu ginen. Hasi ginenean, hainbat tailer egin genituen arazoa aztertzeko, eta horietatik 350 pertsona inguru igaro ziren, tartean, suhiltzaileak edo suizidiotik bizirik atera diren pertsonak. 2022ko irailean beste aurrerapauso bat eman genuen, eta sufritzen ari diren pertsonek laguntza eska dezaten eta gainontzekoei suizidioaren zantzuak identifikatzen laguntzeko diptiko batzuk banatu genituen. Uste dugu honetan ere komunitateak sortu behar ditugula, jendea oso txarto ari delako pasatzen ez dutelako entzunak direla sentiarazten dien tokirik. Sufritzen ari den pertsona batek ez du bere buruaz beste egin nahi, baina ez du horrela bizitzen jarraitu nahi, beraz, batak bestea balidatzeko eta elkar entzuteko gune bat sortzea lortzen badugu uste dugu jendea hobeto biziko dela. Horretarako, kontzientziaziorako ekintzak egiten jarraituko dugu hurrengo hilabeteetan.
Komunitatea eratzearen garrantzia azpimarratu duzu. Getxo Zurekinen helburua horretan ardazten dela esango zenuke?
Mendekotasun edo gaixotasun aurreratu baten egoeran dauden pertsona asko daude gure artean; berbarako, Getxon, biztanleriaren heren batek 65 urte baino gehiago du, beraz, pentsa zenbat pertsona dauden une honetan egoera konplikatu horretan. Gero eta seme-alaba gutxiago dituen eta komunitatearen indarra galtzen ari den gizarte batean bizi gara, eta horren inguruan berba egiten hasten ez bagara, jendea bakarrik eta modu txarrean hiltzen jarraituko da. Egindako ikerketan aztertu genuen bakarrik edo arazoakaz bizi den jendeak egunean zenbat denbora pasatzen duen lehen mailako osasun arretan: gutxi gorabehera bizitzaren % 5. Gainontzeko % 95 euren etxeetan bakarrik pasatzen dute, txakurragaz, telebistagaz edo familiagaz, baldin eta badaukate. Beraz, gure hausnarketa izan zen denbora horretan guztian zer egin daitekeen pertsona horiekaz, modu duin batean bizi daitezen. Ondorioztatu genuen ekintza txikiakaz laguntza asko eman daitekeela, ez dagoela zertan boluntarioa izan behar, gure atarian bizi direnekiko begirada errukiorrago bategaz nahikoa dela. Bidezabaleko anbulatorioko mediku batek esan zigunez, lehen baino asko gutxiago joan ohi dira kontsultara gure ekintzetara datozen pertsonak, eta hori ere aztertu beharko genuke. Horrez gain, nabarmenduko nuke egiten ditugun jarduera guztiak irekita daudela eta gura duenak parte har dezakeela horietan.
Komunitatearen garrantzia. "Ekintza txikiakaz laguntza asko eman daiteke, ez dago zertan boluntarioa izan behar, gure atarian bizi direnekiko begirada errukiorrago bategaz nahikoa da"
Horretarako ere badaukazue proiektu bat, ezta?
Bai, Sare Komunitarioak Ehunduz izenekoa. Norberak bere inguruan bizi direnetatik sufritzen ari diren pertsonak identifikatzeko eta horiekaz konektatzeko tresna bat sortu genuen. Seguruenik pertsona horrek ez du ezer eskatuko, euskaldunon kultura oso barrura begiratzekoa baita, baina bakarrik ez dagoela jakinarazteagaz eta behar duenerako hor norbait izango duela ohartarazteagaz nahikoa da. Baina hori komunitatean egin behar da, bizilagunen artean zaintza-sare bat sortuz besteen beharrizanak identifikatzeko. Boluntarioakaz egiten dugu lan, baina ez dugu pentsatzen boluntarioa edo inor berezia izan behar denik sufritzen ari den horri komunitatetik laguntza eman ahal izateko.
Erruki hitza ere aipatu duzu askotan. Ez duzu uste hor erlijioagaz nolabaiteko nahasketa sor daitekeela? Bai, asko erabiltzen dugun berba da, eta, nahiz eta erlijioaren eraginez hain ospe txarra izan, gu enpatia ekintzaileari buruz ari gara, ez dugu erlijioagaz zerikusirik. Errukiari buruz asko egiten dugu berba komunitateak bere benetako esanahia ulertzea gura dugulako. Hala ere, COVID-19aren eraginez-edo, jendea konturatu da dolurako bere erritualak izatea oso garrantzitsua dela, eta egia da elizak egiten zituen hiletak asko laguntzen zutela. Berbarako, pertsona batek behin esan zigun ez zela hileta elizkizunen garrantziaz ohartu, bere aita hil zen arte. Elizan zeundela, hainbeste pertsona ikusi zituenean suspertuta sentitu zela esan zigun, bere aita maitatua izan zela sentitu zuelako. Uste dut errituak oso garrantzitsuak direla, eta, horiek aldatu egin diren arren, guk uste dugu norberaren araberako erritua egitea garrantzitsua dela.
Nola lantzen duzue doluaren auzia?
Denborak dena osatzen duela esan ohi da, baina denborak ez du ezer sendatzen, baizik eta denbora horregaz egiten denak. Gainera, besteen harremana ere beharrezkoa da doluan dagoena balioetsia senti dadin. Gertatzen dena da gizartea hain azkar doala ez dugula horretarako behar bezalako denborarik hartzen, eta pentsatzen dugu denborak bere kabuz konponduko duela guztia. Askok esaten digute norbait galdu eta sei hilabeteren ostean beraien inguruko jendea aspertzen dutela; ondorioz, euren dolua bakardadean bizi dute. Hala ere, bakardadean hori konpontzea oso zaila da, eta zuretzako garrantzitsua den norbait galtzen duzunean, dolua betirako izango da. Baina nik denbora eta gune bat baldin badaukat pertsona horri buruz eta nire galerari buruz berba egiteko, min hori zerbait ezberdin bihurtu dezaket. Horretarako, hamar pertsonako bi dolu-talde ditugu Getxon, eta pertsona horiei laguntza indibiduala ematen dien taldeak ere badaude.
Txikitatik heriotzari buruz berba egin? "Bizitzan zehar hainbat dolu egon ohi dira, eta denek ez dute zertan heriotzagaz lotura zuzena izan behar. Hala ere, txikitatik ez badugu ikasten galera horiei nola aurre egin, sentitzen duguna kudeatzen ikasi, galera garrantzitsu bat dugunean horrek izugarrizko talka sortzen digu. Txikitan bizitako galera txiki edo handi horiek nola kudeatzen ditugun zuzenean eragina izango dute nola aurre egingo diegun gure ingurukoen galera esanguratsuei"
Hori lantzeko darabilzuen eremuetako batzuk Death Cafeak dira, ezta?
Bai, hori guztia Erresuma Batutik ekarri genuen; ez dugu ezer berria asmatu, dagoena egokitu dugu. Lehena, 2016an egin genuen, Gasteizen, eta gero hona ekarri genuen, eta hilero egiten ditugun topaketa irekietara 15 edo 20 pertsona etortzea lortu dugu. Gainera, Gabonen aurretik, gazteentzako Death Cafe bat ere egin genuen, aurrenekoz; horren ezberdintasun handia da 19 urteko bi gaztek ahalbidetu zutela eta 25 urtetik beherako gazteak bakarrik doazela. Hasieran, pentsatu genuen ez zela inor joango, baina, azkenean, 12 gazte joatea lortu zuten; arrakasta handia izan zuela uste dugu.
Death Cafe-etan hainbat gauzez berba egiten dugu, baina niretzat ederrena ez da barruan gertatzen dena, baizik eta jendea etxera bueltatzen denean gertatzen dena: horietan jorratzen ditugun gaiez berbetan hasten baitira euren inguruetan, modu aske eta naturalean. Ederra da uhinak nola doazen zabaltzen eta jendeak heriotzari buruz berba egiteko beldur hori galtzen duela ikustea.
Death Cafeak hileko azken eguaztenetan egiten dituzte, eta gazteentzako hurrengo saioa martxoaren 29an egingo dute, Piper´s Irish Pub tabernan, 18:00etan. Diotenez, horiek heriotzaz arau eta aurreiritzi barik berba egiteko eta bizitza aberasteko guneak dira, ez dira dolua gainditzeko ezta ondorioak ateratzeko saioak.