Aixerrota BHI institutuko "berandutze neurria" salatu du Uribe Kostako Ikasle Abertzaleak taldeak

Nahia Martinez Gondra 2023ko mar. 17a, 11:28

Aixerrota BHI institutua. © URIBE KOSTAKO IKASLE ABERTZALEAK

Uribe Kostako Ikasle Abertzaleak taldeak azaldu duenez, berandutzeak ekiditeko asmoz, Getxoko Aixerrota BHI institutuak neurri berezi bat txertatu zuen duela bi hilabete. Horren bidez, eskolako sarrera-orduan zein atsedenaldiaren amaieran garaiz ez dagoen ikasle orori berandutze abisu bat jartzen zaio, eta hiru berandutze abisu jasotzean, jakinarazpen bat. Horregatik, taldeak neurri hori salatu du, "ikasleak kontrolatzeko neurri bat" dela azpimarratu. Hori dela eta, Aixerrotako ikasleri guztiari neurri horren kontra antolatzeko deia egin du.

Institutuak neurria txertatu zuenetik "asko izan dira berandutze zein parteak jaso izan dituzten ikasleak", azaldu du Uribe Kostako Ikasle Abertzaleak taldeak. Horregatik, horren hainbat atal salatu ditu. Neurri berria euren "sarrera guztiak erregistratuak izateko saiakera" bezala deskribatu du, eta ez dio zentzu praktikorik ikusten. Izan ere, argitu duenez "ez dakar ikasleak lehenago heltzea, alderantziz, izena emateko ilaran minutu gehiago galtzen dituzte".  Halaber, neurri horrek betetzen duen "diziplinazko funtzioa" salatu du: "Izaera guztiz irrazional eta autoritarioa du, ikasleek buru-makur eta kritikarako aukerarik gabe bete behar dutena, eta bere oinarrian, ikasleak arbitrarioki zigortzeko helburua baino ez duena".

Bestalde, taldeak azaldu du neurri horren agerpena ez dela "ausazkoa" izan. Aurretiaz ikasturte osoan zehar salatu du ikastetxeak diziplinamendurako zentro bilakatzen ari zirela, eta, horregatik, "berandutzeen neurria kontrol-mekanismoen adierazle argi gisa" ikusten du. Gainera, Ikasle Abertzaleakek azpimarratu du ekintza horiek era isolatu batean interpretatu beharrean, "hezkuntza-sistema hartzen ari den norabide orokor baten baitan" ulertu behar direla. Era berean, "berandutzeen neurriaren" aurkako 300 sinadura baino gehiago bildu arren zuzendaritzaren erantzuna ezezkoa izan dela azaldu du taldeak.

Horregatik, ikasleak martxoaren 30eko Ikasle Grebara deitu ditu taldeak, hezkuntza-sistemaren norabidea salatzeko, baita "berandutzeen neurria" kentzeko lanean jarraitzeko ere. Horrenbestez, Aixerrotako ikasleri guztiari antolatzeko deia ere egin die neurri berriaren kontra altxa daitezen. 

 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun