Arrigunaga hondartzako zerbitzuetako eraikina eraitsi eta komun publiko bi jarriko dituzte

Erredakzioa 2023ko mar. 20a, 08:00

Zerbitzuen eraikina, artxiboko irudian, Arrigunaga hondartzan.

Getxoko Udalak oniritzia eman dio Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako lankidetza-hitzarmenari. Horren bitartez, Arrigunaga hondartzarako sarbideetan komun autogarbigarri bi jarriko dituzte aurten; ondoren, hareatzan dagoen zerbitzuetako eraikina eraisteko lanak abiatuko dituzte. Beharrok Aldundiak hartuko ditu bere gain.

Komunak hondartzarako iparraldeko sarbidean kokatuko dira, eta urte osoan emango dute zerbitzua; udal-sarearen barruan sartuko dira, mantentzeko eta garbitzeko; izan ere, obrak amaitutakoan, Udala izango da komunen titularra.

Era berean, zerbitzuen eraikina eraitsiko dute; horrela, gaur egun okupatzen duen hareatza-eremua handituko da, "hondartzaren erabiltzaileek gehiago goza dezaten, bai eta bere espazio naturala berreskuratzea eta haren kalitatea hobetzea ahalbidetzeko ere", udal-iturrien arabera. Eraikina 2000. urtean eraiki zuen Foru Aldundiak hondartzako zerbitzu osagarriak emateko: sorospen-postua, hondartzainak eta gizonen eta emakumeen komunak.

Denbora luzez bere zeregina bete badu ere, denboraren joanagatik gaur egun jasaten duten narriadura-egoera ikusita, eta ingurumen-ikuspegi berritik eragiten duen ikusmen- eta ingurumen-inpaktuagatik, "ez da oso eraginkorra", ebatzi du Udalak.

Joseba Arregi Ingurumeneko Hiri Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak adierazi duenez, “hondartzaren azpiegitura jasangarritasunaren eta efizientzia energetikoaren egungo irizpideetara egokitzeko eta hondartzako espazio naturalaren kalitatea hobetzeko, bi erakundeok ulertu dugu alternatiba onena dela eraikina eraistea eta uda sasoian salbamendu eta sorospen zerbitzurako aldi baterako moduluekin ordezkatzea. Horrela, hondartzako erabiltzaileen beharrak asetzen ditugu komun publikoei dagokienez, eta gaur egun eraikuntzak hareatzan okupatzen duen espazioa askatzen dugu, gune hori naturaltasunez lehengoratzeko aukera emanez”.

Bi komun publikoak instalatzeko obrak hasi dituzte daborduko, eta zerbitzu-eraikina dagokion udal-lizentzia eman ondoren eraitsiko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun