Taldeak azaldu duenez, egiturazko pobreziaren eraginez emakume askok haien jatorrizko herrialdea uzten dute, eta gurera etortzean, sexu-esplotazio sareetan bukatzen dute. "Zaurgarritasun egoera horretaz baliatuta eta emakumeon sexualizazioaren eraginez, sexu-esplotaziorako sareetan sartu eta baldintza penagarrietara kondenatzen dituzte", salatu du Itaiak.
Gainera, emakume horiek "azpiegitura desegokietan" pilatuta daudela deitoratu du, 24 orduz haien burua saltzera eta drogak kontsumitzera behartuta "emakumeen gaineko kontrol zorrotza ezarriz". Modu horretan, Uribe Kostako Itaiak baieztatu du indarkeria jasateko "testuinguru paregabea" sortzen dela, eta "emakume langileon zapalkuntza" betikotzen dela.
Egoera horren aurrean, taldeak "ezinbesteko" ikusten du sexu-esplotaziorako sareak borrokatzea, eta, horretarako, emakumezkoak prostituitzera behartzen dituzten baldintza material eta sozialak gainditu behar dituela azpimarratu du. Aurreko helburuak lortzeko, gizarte kapitalista gainditzea beharrezkoa dela baieztatu du, "guztion ongizatea eta humanizazioa bermatuko duen gizarte sozialista eraikitzearekin batera".
Horregatik, "Sexu-esplotazio sareak borrokatu!" lelopean, Uribe Kostako Itaiak manifestazio bat deitu du biharko, arrastiko 19:00etan, Algortako Txiki Otaegi plazan.