Alokabidek bi programa-mota eskaintzen ditu udalerrian etxebizitza hutsa duten pertsona eta erakundeentzat: alde batetik, Bizigune, eskatuena, Getxon 75 atxikimendu dituenak, eta, horietatik sei, onarpen-prozesuan daudenak; eta, bestetik, Asap, bi atxikipen dituenak. Azken hori laguntzaileen sare baten bidez jarri dute abian, eta horien artean dago, hain zuzen ere, Alokabide.
Akordio berriaren ondorioz, Alokabidek Getxoko Udalagaz koordinatuko du aipatutako programen kudeaketa. Udalerriko alkatea den Amaia Agirrek adierazi duenez, lankidetza-hitzarmen hori beste urrats bat da etxebizitzagaz lotutako konponbideak eskaintzen jarraitzeko: "Gure helburua, kasu honetan, Getxon hutsik dauden etxebizitzak lagatzea errazten duten programen berri ematea da, etxebizitza horiek behar dituzten pertsonen eskura jarri ahal izateko. Ekimen honek bi aldeei egiten die mesede: alde batetik, errentariari alokairua kobratzea eta etxebizitza baldintza onetan itzultzea ziurtatzen zaio, eta beste aldetik, proiektu pertsonal edo familiar bati ekiteko etxebizitza bat eduki ezin duten pertsonek etxe bat aurkituko dute”.
Sozietate publikoak erabakiko du bi programetan bildutako zein etxebizitza sar daitekeen edo ez; besteak beste, kudeatuko ditu etxebizitzei buruzko kontratuak, ordainketak, kobrantzak eta erreklamazioak. Gainera, etxebizitzaren jabetzagatik jaso beharreko errenta, baita errentariak ordaindu beharreko zenbatekoa ere, ezarriko ditu. Udalak, bestalde, programaren etengabeko koordinazioan lagunduko du hainbat gaitan. Hala, Eusko Jaurlaritzari eta Alokabideri Getxoko etxebizitza hutsei buruz dituen datu guztiak emango dizkie, bai eta etxebizitza horien titular diren pertsonei buruzkoak ere, eta udalerriko etxebizitza hutsak onartzeko prozedurei ekingo die jabeakaz elkarrizketa informatiboa eginez. Modu horretan, Udalak edukiei eta baldintzei buruzko informazioa emango die interesdunei, Etxebiden, Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan, inskribatzea sustatuz, eta eskaera-inprimakiak emango ditu gero Eusko Jaurlaritzako sozietate publikoari helarazteko. Izan ere, azken erakunde horrek ebatziko ditu eskaerak.
Bizigune programak hutsik dauden etxebizitzak erakarri gura ditu alokairu babestuaren bidez merkaturatzeko: alde batetik, hutsik dagoen etxebizitza baten jabeak Alokabideren esku jartzen du etxea ezarritako berme batzuk dituen gozamen-kontratu baten bidez, eta, bestetik, Alokabidek Etxebiden inskribatuta dagoen eskatzaile bati esleituko dio. Azken horrek bere diru-sarreren araberako alokairua ordainduko dio sozietate publikoari.
Egitasmo horrek honako abantaila hauek ditu, besteak beste: etxebizitza hutsaren errentamenduaren kudeaketa integrala; 6 urteko alokairuaren eta hileko errentaren kobrantzaren bermea; Alokabideren kontura txosten tekniko bat izatea etxebizitzaren egoera zehazteko; energia-ziurtagiria lortzea; alokairurako etxebizitza egokitzen eta prest jartzen laguntzea, esaterako, gremioak kudeatzen lagunduz; egokitzapenerako eta berrikuntzetarako aurrerakina, % 0ko interesekoa; etxebizitzaren mantentze-lanak eta kontserbazioa; etxeko aseguru konbinatu bat kontratatzea Alokabideren kontura; etxebizitza entregatzen den kontserbazio-egoera berean itzuliko dela bermatzea, betiere erabilera egokiaren ondoriozko higadura normala izan ezik, eta berme juridikoak eta onura fiskalak, hala nola OHZren hobaria.
Eskaera-inprimakiak Areetako eta Algortako Herritarren Arretarako Bulegoetan jaso eta entregatu ahal izango dira. Bertan, Bizigune programaren 1.000 liburuxka elebidun egongo dira eskuragarri interesdun guztientzat. Eskaera erregistratzeko, eskatutako dokumentazioagaz batera, hitzordua eskatu beharko da, telefono zenbaki honetan: 010 edo 944 660 000. Bestalde esteka honen bidez ere eskatu daiteke hitzordua: https://citaprevia.getxo.eus. Eskaera https://labur.eus/IDajr helbidean ere deskarga daiteke, edo zuzenean bete, sinadura digitala izanez gero, eta posta elektronikoz bidali bizigune@alokabide.eus helbidera.
Bizigune programak aurreikusten badu titularrek etxebizitza alokairu babestuko erregimenean errentan emateko Alokabideri uzteko asmoa dutela, Asap egitasmoak etxebizitzen alokairua bultzatzen du aldizkako kanon bat lortzearen truke, aseguru-polizen formako berme-sistema bat finkatuz. Sistema horrek errenta ez ordaintzearena, balizko kalteena eta laguntza juridikoarena estaltzen dizkie jabeei, errentek ezarritako gehieneko zenbatekoak ez gainditzearen truke. Era berean, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emanda dauden pertsonei bermatzen die etxebizitzen hasierako errentek ez dituztela programan ezarritako mugak gaindituko.