Dokumentalak egilearen bizitza eta lana erakusten ditu, besteak beste, kulturako eta hezkuntzako hainbat pertsonaiaren testigantzen bidez, argazki, bideo eta soinu-materiala uztartuz. Proiekzioaren ondoren, Nabarralde fundazioak argitaratu berri duen Krutwig Bere mendeurrenean berrirakurtzen liburuaren aurkezpena egingo dute eta bertan Manu Ertzilla idazleak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko Baleren Bakaikoa katedradunak hartuko du parte, Oskar Arantzabal idazlearen gidaritzapean.
1921ean Getxon jaio zen Federico Krutwig, familia burges baten baitan, eta haurtzarotik nabarmendu zen hizkuntzekiko interesagatik. Lehen urteak jaioterrian eman ondoren, familia Bilbora joan zen bizitzera. Gerra Zibilean, bere familiagaz batera, Alemanian eta Portugalen erbesteratu zen, gatazka amaitu ondoren itzultzeko. Nerabezaroan ikasi zuen euskara, eta Eskola Frantsesean eta Eskola Alemanean aritu zen. 1947an, 26 urte besterik ez zituela, Euskaltzaindiako kiderik gazteena bihurtu zen. Bertan, erakundea biziberritzearen aldeko apustua egin zuen eta euskararen bateratze literarioaren sostengatzaile nagusietako bat izan zen.
Luis Villasante akademian sartu zeneko hitzaldi polemiko baten ondoren, Frantziara erbesteratu zen Krutwig, eta 1961ean bere libururik ezagunena izango zen Vasconia (1963) obra idazten hasi zen. Lan horrek eragin handia izan zuen frankismoaren aurkako belaunaldi gaztean, nazionalismo tradizionala zalantzan jartzen hasi baitzen. 60ko hamarkadan eta 1975era arte Bruselan bizi izan zen, eta 1975etik aurrera, Zarautzen. Ordutik aurrera literatura-produkzioan jardun zuen. Bere lanik ezagunenen artean hurrengoak nabarmentzen dira: La cuestión vasca (1965), Vasconia y la nueva Europa (1976), Mikelditarrak (1979), Ekhaitza (1980), Computer Shock Vasconia (1984), Crítica de la crítica (1985) eta Los gitanos vascos (1986).
Bere bizitzako azken urteei dagokionez, 80ko hamarkadan, Jakintza Baitha elkarte helenista bultzatu zuen Krutwig-ek, eta horren baitan sortu zen "Hierax" greziar kultura klasikoko aldizkaria. Bertan hainbat artikulu argitaratu eta "Sopholis" proiektua sortu zuen, ikasketa humanisten unibertsitatea, hain zuzen ere. Aitzitik, Krutwig 1998an zendu zen eta ez zuen proiektua garatzeko aukerarik izan. Halaber, Euskal Herritik kanpo ezaguna zen helenismoren aldeko lana egiteagatik, izan ere, euskaratik grekora itzulpena egiteko metodo klasiko bakarra asmatu zuen, modu horretan, Platon eta Teofrastos bezalako obrak itzuliz. Gainera, 1989an Homero Saria eta Delfos, Kavala eta Olimpia hirien ohorezko domina jaso zituen. Era berean, Accademia Internazionale di Propaganda Culturale bazkide akademikoa eta Atenaseko International Scientific Forumeko ohorezko presidentea ere izan zen.