Barikuan zabalduko dute etxebizitza alokatzeko eta gazteen emantzipazioaren aldeko laguntzak eskatzeko epea Getxon

Nahia Martinez Gondra 2023ko mar. 29a, 13:31

Artxiboko irudia.

Martxoaren 31tik ekainaren 30era bitartean egongo da zabalik Getxoko etxebizitzen alokairurako eta gazteen emantzipaziorako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea, 18 eta 35 urte bitartekoei zuzenduta. Getxoko Udalak 250.000 euro bideratuko ditu laguntza horietara, eta horien helburua da udalerriko gazteei emantzipatzeko eta helduen munduan sartzeko prozesuan laguntzea, baita udalerriko eremu guztietan alokairuko etxebizitza bat eskuratzea eta bertan jarraitzea sustatzea ere.

Aurtengo deialdiak hainbat berrikuntza dakartza, izan ere, Kontratazio, Ondare eta Etxebizitzako zinegotzia den Alvaro Gonzalezek adierazi duen bezala, “aurreko urteetako deialdietan izandako esperientziaren ondoren, ezinbestekotzat jo dugu zenbait aldaketa egitea, gazte gehiagorengana iristeko eta laguntzaren iraupen osoa luzatzeko, emantzipazioa errazteko eta mantentzeko”.

Hala, aurreko deialdietan onuradun izan zirenei laguntzen jarraituko diete, diru-laguntza hirugarren aldiz emanez, betiere kontratua indarrean badago, eta 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarteko errentetarako bada, eta gainerako baldintzak betetzen badituzte. Pertsona onuradunaren lehenengo deialdia bada, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 100 ordainduko zaio, bigarrenean % 75, eta hirugarrenean % 50, betiere urteko diru-sarreren eta tarteari dagokion ehunekoaren arabera. Aitzitik, 2021-2022 laguntza-deialdian 12 hileko ordainsari osorako laguntzarik jaso ez bazuen, % 100eko edo % 75eko laguntza jasoko du, deialdi horretan zegokionaren arabera 12 hileko soldata osatu arte.

Bestalde, udalerriko alokairuen egungo eskaintzaren prezioak ikusita, alokairuaren gehieneko errenta 1.100 eurora arte igoko dute, eta, oinarrietan aurreikusitako salbuespenerako, 1.500 euro arte. Onuradun bakoitzari emango zaion zenbatekoa gutxienez % 20koa izango da, eta gehienez % 50ekoa errenta-gastuengatik. Azken horretan ez dira kontuan hartuko etxebizitzaren eranskinei dagozkien gastuak, hala nola garajea, trastelekua eta komunitate- eta administrazio-gastuak. Nolanahi ere, zenbateko hori ezin izango da hilean 550 eurotik gorakoa izan, oinarrietan aurreikusitako salbuespenezko kasuetan izan ezik. Halaber, laguntzak 12 hileko gehieneko aldia hartuko du, zehazki, 2022ko uztailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarteko errentak. Era berean, emantzipazioa ahalbidetuko duen gutxieneko 3.000 euroko diru-sarrerak ezartzen dira.

Gainera, ezabatu dute diru-laguntza eskatzeko baldintza gisa erroldan antzinatasuna izateko derrigortasuna, modu horretan, Getxoko udalerrira erakartzeko berton ohiko etxebizitza ezarri gura duten gazteak. Hala ere, diruz lagundutako etxebizitzan erroldatu beharko dira errentamendu-kontratua formalizatu ondoren.

Izapideak Administrazio Elektronikoaren Bulegoaren bidez egin ahalko dira, hemen. Eskatzaileetako batek sinadura elektronikoko ziurtagiririk eta beharrezko bitarteko elektronikorik ez badu, prozeduraren ondoriozko jarduketa elektronikoak baliozkotasunez egin ahal izango ditu funtzionario publiko batek sinadura elektronikoko sistema erabiliz. Horretarako, beharrezko bitarteko elektronikorik ez duen interesdunak bere burua identifikatu beharko du funtzionarioaren aurrean, eta jarduera horretarako berariazko baimena emango du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun