Argia Fundazioa Algortan sortu zen 1988an, gaixotasun mentala duten pertsonen irudia eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko asmoz. Fundazioaren arabera, eremu desberdinetako pertsonak konektatu behar dira elkarregaz bizi garen inguruneari kolorea eta edertasuna emateko, gaitasunetatik, eta ez estigmetatik. "Proiektu honen kide izateak, eta pertsona eta kolektibo bakoitzak ekarpenen bat duela sentitzeak, Getxoko elkarte eta kolektiboen indarrak eta ulermenak batzera bultzatzen ditu, elkar lotuz eta konturatuz ezberdintasunak egon arren, inork ez dakiela guztiek batera adina", azaldu du Argia Fundazioak.
Modu horretan, egitasmoko parte-hartzaileak izan dira mural kolektiboaren prozesu osoaren protagonista, hasierako ideiatik egitasmoa gauzatu arte. Horren bidez, gizarte-kohesioa sortu gura izan dute, komunitateko eta inguruko kide izatearen sentimendua indartuz. Halaber, eremu bat eraiki dute hainbat kolektiboren elkarrizketarako eta adierazpenerako, proiektu komunitario bat garatzeko prozesua bizituz.
Muraleko pieza sortzeko, martxoaren 27tik 31rako astean zehar, Argia Fundazioaren Eguneko Ospitaleko arte-tailerra ia 200 pertsonari harrera egiteko ireki dute. Besteak beste, hurrengo hauek izan dira egitasmoaren parte: Plentziako eta Leioako hezkuntza-zentroak; Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Eguneko Ospitaleak; Gaude, Bizitegi, Sortarazi, San Nikolas Zabalik, Fekoor, Zabalketa, Fidias Fundazioa eta Argia Fundazioa erakundeak; Getxo Zurekin, Sopela Zurekin eta Mujeres con Voz gizarte-mugimenduak; eta udalerriko herritar partikularrak. Azkenean, mural horrek forma eta bizitza hartuko ditu bariku honetan, martxoaren 31n, Algortako Urgull aretoan, Getxoko Udalak eremu hori laga izanari esker.
Bestalde, Rosana Azar nazioarteko artista izan da prozesu osoa gidatu duena. Buenos Airesen (Argentina) jaioa, Ameriketako Estatu Batuetan bizi da gaur egun, arte-irakaslea izan da, eta hainbat proiektu komunitariotan parte hartu du 1999az geroztik. Bere ibilbidean zehar, besteak beste, Argentinan, AEBetan, Japonian, Italian, Frantzian, Alemanian eta Portugalen egin ditu erakusketak, banaka eta taldeka.