Getxoko garbiketa-zerbitzuko langileak martitzenean bilduko dira PreZero enpresagaz akordio bat lortzeko asmoz

Nahia Martinez Gondra 2023ko mar. 30a, 13:42

Getxoko garbiketa-zerbitzuko langileen protesta, artxiboko irudian. @UGT_SP_EUSKADI

Getxoko udal garbitzaileak bi urte daramatzate PreZero enpresari hitzarmen duin bat eskatzen. Hala ere, denbora honetan, lan-batzordeko kide den Alexanderrek azaldu duenez, "enpresak ez du gugaz berba egiteko eta hitzarmena aldatzeko federik erakutsi", eta, horregatik, langileek Getxoko Udaleko taldeetara jo dute. Horri esker, hurrengo martitzenean, apirilaren 4an, PreZero enpresagaz bilduko dira "hasierako akordio batera heltzeko asmoz".

Gaur, martxoaren 30a, osoko bilkura deituta zegoen Getxon. Horretan, Getxoko gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) garbiketa-zerbitzuaren plegu berriak zehazteko kontratua eraman gura zuen bozketara, eta, horren aurrean, besteak beste, Elkarrekin Podemosek zerbitzu hori arautzeko dokumentua eztabaidatik kentzeko eskatu du. Izan ere, ezkerreko koalizio horren esanetan, enpresak "negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen du".

Aitzitik, azkenean, gaia osoko bilkuretako gaietatik kendu dute, PreZero enpresagaz "hasierako akordio batera" heltzear daudela ikusi dutelako garbitzaileek, Alexanderrek zehaztu duenez. Hala, datorren martitzenean, apirilaren 4an, langileak eta enpresako zuzendaritza bilduko dira negoziaketak abiarazteko. Batzordeko kidearen berbetan, langileek gura duten bakarra da "hitzarmen duin bat, zeinean oinarrizko eskubideak beteko diren". Horregatik, apirilerako deituta zuten greba eta protestarako kontzentrazioak bertan behera utzi dituzte, "antza, bi urte eta gero akordio batera helduko garelakoan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun