Osoko bilkura

Bazterketako arriskuan eta familia-sarerik gabe dauden pertsonentzako arreta-eredua garatuko dute Getxon

Erredakzioa 2023ko mar. 31a, 09:31

Getxoko udalbatza-aretoa, artxiboko irudian.

Atzo, eguenean, Getxoko Udalbatza batu zen ohiko osoko bilkura egiteko. Horretan, askotariko gaiak jorratu zituzten, hala nola 257.000 euroko kreditu-gehigarria gizarte-bazterketako arriskuan eta familia-sarerik gabe udalerrian dauden pertsonentzako arreta-eredua garatzeko; % 5eko gehikuntza diru-laguntza izendunetan; % 2,5eko igoera udal-langileen soldatetan; eta beste hainbat mozio, bizikletak gordetzeko parkingak proposatzeko, nagusientzako kirola sustatzeko eta haurdunentzako ikastaroak, besteak beste.

Getxoko osoko bilkurak aho batez onetsi zuen atzo, eguenean, 257.024 euroko kreditu gehigarria gizarte-bazterketako arriskuen eta familia-sarerik gabe udalerrian dauden pertsonentzako arreta-eredua garatuko duten honako erakunde hauen finantzaketarako: Pertsonalde (135.435 euro), San Nikolas Zabalik (80.896 euro) eta Karitatearen Alabak (40.000 euro). Jakinarazi zutenez, eredu horretan, Udaleko gizarte-zerbitzuen langile profesionalez gain, hitzarmenen bidez daborduko Udalagaz lan egiten duten erakunde horiek hartuko dute parte beren baliabide eta esperientziak baliatuz.

Helburua hauxe izango da: lurraldean familia-sarerik ez duten eta edozein jatorrikoak diren 18 urtetik gorako gazteei, zeinek hizkuntza-zailtasunak eta laneratzeko zailtasunak baitituzte, arreta eta estaldura eskaintzea modu koordinatuan, gizarteratzeko prozesuetan sartzen laguntzeko, komunitate kohesionatuan egon daitezen eta etorkizunean gure herriaren parte izan daitezen. Prozesu horrek hauxe eskatuko die gazteei: inplikazioa, konpromisoa eta motibazioa hizkuntzen ikasketan eta prestakuntzan. Udal-gobernuak adierazi duenez, "eredu aitzindaria da, koordinazio-mailari eta eskaintzen duen komunitatearen erantzunari dagokienez"; izan ere, bizitegi-baliabideak eskainiko ditu (32 plaza) eta oinarrizko beharrak aseko ditu, bai gizarte- eta hezkuntza-alorrean, bai komunitateko harremanean.

% 5eko gehikuntza diru-laguntza izendunetan, eta 75.000 euro Abra-Real Sporting Clubarentzat

Halaber, ontzat eman zituzten beste bi kreditu gehigarri: batetik, 75.000 euroko kreditua Real Club Maritimo del Abra-Real Sporting Clubarentzat, bere 125. urteurrenaren harira; bestetik, 43.307 euroko kreditua, Udalaren eta Kultur Etxearen diru-laguntza izendunen % 5eko gehikuntzaren finantzaketarako. Honako erakunde hauek izango dira gehikuntza horren onuradun: HIRUKA; Albe – Algortako Bertsolari Eskola; Bizarra Lepoan eta Egizu elkarteak; Gurutze Gorria; Gaude elkartea; APNABI; Down Sindromearen elkartea; Karitatearen Alabak; Sortarazi; Sarekide; Caritas Diocesana; elikagaien bankua; Elkargune-Etorkinen Plataforma Federazioa; Euskal Fondoa proiektua; Getxo pro Sahara Atfal; Zabalketa; Gizatiar; Ibar Nagusien Etxea; Urte Alaiak; Ajane; Serifalaris lehiaketa; Antzerki Eskola; Aldai patronatua; eta Begiandi (Getxophoto). 

Gehikuntza horren harira, EH Bildu taldeak zuzenketa bat aurkeztu zuen diru-laguntza horien igoera % 10ekoa izan dadin, KPIaren igoerari aurre egiteko asmoz, baina gobernu-taldeak baztertu egin du. Hala, Ignacio Uriarte Diruzaintzako zinegotziak azaldu zuen onuradunei aplikatutako % 5eko gehikuntza hori prozedura arruntekoei dagokien % 5ari gehituko zaiola, "zeina lehen hiruhilekoan aplikatu baitzitzaien kirol-klubei, kultur jarduerei, jai batzordeei eta Getxoko ildo sozial nahiz ekonomikoei".

Ordainsariak % 2,5 igotzea eta Aurrekontuaren likidazioa

Bestalde, aho batez, onartu egin zuten ere % 2,5 gehitzea Udaleko nahiz erakunde autonomoetako funtzionarioen, langile lan-kontratudunen eta behin-behineko langileen aurtengo ordainsariak, Eudel-Euskal Udalerrien Elkartearen gomendioei jarraikiz.

Horrez gain, 2022ko Aurrekontu Orokorraren likidazioaren berri eman zuten; udal-gobernuaren arabera, urte horretan bere aurrekontuan aurreikusitako ekintza eta inbertsio guztiak finantzatzea lortu baitzuen Udalak. Horren harira, PPk azken lau urteeko balantzea egin zuen, eta utzikeriaz jokatu izana leporatu dio Gobernuari: "Kudeaketa penagarria izan da, historiako emaitzarik txarrenak lortu ditu inoiz baino baliabide gehiago izan arren; gainera, diruzaintzako gerakina 42 milioikoa da, getxoztarren zergetatik lortutakoa". 

Horri erantzunez, hauxe esan du gobernu-taldeak: "Legegintzaldi honetan, aurreikusitako planaren % 97 egin da. Aurreikusitako 114 ekintzetatik, 75 amaitu dira, 25 egiten ari dira, aurreikusitako epearen barruan, eta 14 aurreikusitako epea baino zertxobait beranduago hasi dira. Horrez gain, Getxo Ekinez programak, talde politiko guztiek hala adostuta eta % 100ean gauzatuta, ahalbidetu du Getxoko herritarrei, jarduera ekonomikoari, eta gizarte- nahiz kirol-sareari laguntzeko ezohiko hainbat ekintza gehitzea aipatutako legegintzaldi-planean aurreikusitakoei, denok batera pandemiari aurre egiteko xedearekin".

Mozioen atala

Mozioen kapituluan, testigantza-izaeragaz, lau onetsi zituzten atzo. Aho batez onartu zuten Elkarrekin Podemosek aurkeztu eta EAJketa PSE-EEk transakzionatu zuten proposamena. Bertan, Udalak konpromisoa hartu zuen udalerrian bizikleta pribatuentzako aparkaleku seguruen sare bat ezartzeko. Horretarako, beharrezkoak diren neurriak sustatuko ditu bizikleta-lonja pribatuak bultzatzeko, Sustapen Ekonomikoko Arloaren laguntzagaz, intermodalitateari lotutako "bizi parking" publikoak hedatzeko eta bizikletentzako eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuentzako gelak hirigintza-araudian sartzeko, eraikin berri baten kasuan edo daborduko eraikita dauden lurzoruetan erraztu beharreko elementu gisa.

PPren beste bi mozio ere onartu zituzten: lehenengoa, gizarte-laguntzako eta gizarte-cateringeko zerbitzua sortzeko adinekoentzako edo mugikortasun murriztua dutenentzako, mendekotasuna izan edo ez. Eta bigarrena, Getxoko hondartzetan adinekoentzako gimnasia-eskolak eskaintzearen aldekoa, pertsona guztientzako irisgarriak direnak, harean nahiz uretan egitekoak. Horren ildotik, gobernu-taldeak azaldu zuen proiektu pilotu bat egingo dela uda honetan Ereaga hondartzan, aktibo dauden adinekoei zuzendutakoa, eta lehorrean egin beharreko jarduerak (kalistenia) eta uretan egitekoak (aguagym) uztartuko dituela.

Azkenik, EH Bilduk hala proposatuta, haurdunei zuzendutako ikastaroak sustatzeko mozioa onetsi zuten, eta luzaroan mantentzeko asmoa agertu da. Gobernu-taldeak adierazi zuenez, haurdunei zuzendutako uretako kirol-jarduera eskaintzen da jada, zapatuetan, Getxo Igeriketa Bolue Kirol Elkartearen bitartez; alabaina, aurten pertsona bakarrak eman zuen izena eta, hortaz, ezinezkoa izan zen hura gauzatzea.

Bestalde, Herritarren Segurtasuneko zinegotziak, Keltse Eigurenek, hainbat datu eman zituen udalerrian segurtasun-neurriak areagotzeari buruz PPk aurkeztutako mozioaren aurkako botoa arrazoitze aldera. Eiguren eta gainerako alderdiak bat etorri ziren honakoa esanez: "Ez da egia herritarren segurtasuna udalerriko arazo larrienetako bat dela". Herritarrek duten asetasunaren pertzepzio orokorrari buruzko 2021eko azken azterlanaren arabera, zeina udal-talde guztiei aurkeztu eta eman baitzitzaien, datuek guztiz kontrakoa diote. Eigurenek hauxe nabarmendu du: “Elkarrizketatutako pertsonen % 94ek esan dute Getxo beste udalerri batzuk baino seguruagoa dela edo, gutxienez, horiek bezain segurua. Segurtasunarekin pozik edo oso pozik dauden pertsonak % 73 dira, eta pozik ez daudenen portzentajea, berriz, % 4koa da. Getxo udalerri segurua ote den galderari dagokionez, pertzepzio orokorraren batez bestekoa % 7,3koa da; datu bikaina da, eta joera jarraitua".

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aurkeztu berri dituen datuei dagokienez, honako hau azpimarratu zuen: “Getxok jarraitzen du izaten krimen-kopururik txikiena duen 50.000 biztanletik gorako Euskadiko udalerria, hau da, seguruena. Era berean, inguruko udalerriekin alderatuta (Leioa, Erandio, Sestao, Portugalete eta Santurtzi), tasarik baxuena du. Egia da krimen-kopuruak gora egin zuela 2022an (delitu gehiago egon dira eta biztanle-kopurua jaitsi da; hala, aintzat hartuta herritarren segurtasuna Ertzaintzaren eskumena dela, jarraituko dugu lankidetza eta koordinazio estuan, polizia-baliabideak nahiz zereginak behar bezala eta eraginkortasunez kudeatzeko".

Herritarren galde-eskeen txandan, Itzubaltzeta/Romoko nagusien etxearen aldeko kideek hartu zuten hitza, baita tokiko HAPOaren kontrako herritarrak ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun