TxikiFest

Haur eta familientzako ikuskizunez eta ekintzez beteriko jaialdia egingo dute ekainaren 2tik 11ra Getxon

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2023ko mar. 31a, 13:31

Ekainean, haur eta familientzako aire zabaleko kultura-programazioa izango da erabateko protagonista Getxon. Kultur Etxeak abian jarriko duten ekimen honek kultura haurrei hurbiltzeko asmoa du eta 2023ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan kulturaren alorrean herritarren aldetik jasotako eskaerak egia bihurtzeko gauzatu dute, udal-iturriek azaldu dutenez. TxikiFesteko programazioak hainbat diziplinatako arte eszenikoen ikuskizunak eta parte hartzeko ekintzak bilduko ditu, hala nola arte plastikoetako tailerrak, bertsolaritza eta ahozkotasun dinamikak, ginkanak, jolasguneak eta irakurzaletasuna sustatzeko guneak.

Ekainaren 2tik 4ra bitartean, egitaraua Areeta eta Itzubaltzeta/Romo auzoetan garatuko da, kokapen irisgarrietan, hala nola Xake plaza eraberrituan, Santa Eugenia plazan eta Eskoletako plazan. Hurrengo aste-akabuan, ekainaren 9tik 11ra, Algorta auzoaren txanda izango da. Bertan, Telletxe plaza, San Nikolas plaza eta Biotz Alai plaza izango dira agertoki nagusiak. Euria edo eguraldi txarra egiten badu, programazioaren zenbait ekintza estalpeko gune alternatiboetan garatuko da.

Programazioan Getxoko, Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako Estatuko erakunde eta konpainien lanak egongo dira. Lehenengo egunean, ekainaren 2an, Bartzelonako La Baldufa Teatre konpainiaren Zeppelin ikuskizun ibiltariagaz hasiko da jaialdia, Bizkaia Zubitik Santa Eugenia plazaraino. Ondoren, publikoak Numenak (Yarleku Teatro) antzezlanaz gozatu ahal izango du Areetako Xake plazako aire zabaleko entzunareto berrian.

Bigarren eguneko goizean, ekainak 3, zapatuan, Areeta zirku azoka tradizionala bihurtuko da Bambolea taldearen eskutik, kaseta eta zirku-joko tradizionalakaz, eta publikoak familiei zuzenduriko Dantza Plaza ekitaldiaren saio berezia izango du, bertoko dantza taldeek bultzatuta, Eskoletako plazan. Arrastian, eskaintza Romo auzora pasatuko da, Iratxoen Kantu Sekretuak (Gookapi) musika-ikuskizunagaz, eta egunari amaiera emango zaio Glubs (Nacho Vilar Producciones) kalejira ibiltariagaz. Bertan, lau marinel zoro noraezean agertuko dira Santa Eugenia plazan, eta publikoak ontziratzeko portu bat aurkitzen lagundu beharko die.

Hurrengo egunean, ekainak 4, domekan, animalia itxurako tamaina handiko txotxongilo artikulatu batzuek hiri-eremuan ezarriko dute beren kanpamendua. Animalia ikuskizunak (Sandal Productions) animalien portaera aztertzen duten naturazaleen kanpamentuak birsortzen ditu. Antzezpenaren ondoren, haurrek zurezko jolasak balira bezala jokatu ahal izango dute txotxongilo horiekaz, tipi estiloko denda betetako eremu natural batean. Eguerdian, Dantzaz talde euskaldunak bere Menu ikuskizun ibiltaria ekarriko du eta Izaskun Rueda getxoztarrak antzerkia eta zirkua uztartzen dituen Bidaibizitzen obra. Arrastian, Tor eta Txoborro magoek TNT magia ikuskizuna eskainiko dute eta, jardunaldiari amaiera emateko, Candido (La Nördika) zirku ipuina izango da.

TxikiFestek hurrengo aste-akabuan jarraituko du programazioa, ekainaren 9tik 11ra, Algorta auzoan. Gora Bihotzak (Eidabe) taldeak hasiera emango dio Biotz Alai plazan eta, iluntzean, publikoak Herentzia (La Industrial Teatrera) clown erako ikuskizunaz gozatuko du, non zaborrontzi baten barruan dauden bi pertsonaiek datozen belaunaldiei utziko diegun munduari buruz hausnartzen lagunduko duten.

Ekainaren 10ean, mekanika klasikoaren sekretuak goizeko protagonista izango dira, Ingenii Machina (Alauda Teatro) instalazio parte-hartzaileari esker. Instalazio horrek gorputzen mugimendua eta oreka eragiten duten indarrak eta makinak asmatu, eraiki eta maneiatzeko teknikak aztertzen ditu. Halaber, haurrek Baserriko Porrusalda (Bapatean Zirko) eta Piraten istorio bat (Erre Produkzioak) antzezlanez gozatuko dute. Iluntzean, Andaluziako Vaivén Circo konpainiak bere zirkuko koreografia ikuskizun berria aurkeztuko du, barrea, presa, enpatia, mina, beldurra eta itxaropenaz hitz egiteko. Zapatuko egunari amaiera emango zaio Algortako kaleak argiz eta musikaz beteko dituzten txotxongilo erraldoien kalejira ibiltari bategaz.

Jaialdiaren azken egunean, ekainaren 11n, domekan, jendeak garbigailu erraldoi kolektibo bat prestatzeko aukera izango du, Garbi Jai (Eidabe) antzezlanaren eskutik; Agurra Dantza Taldeko erraldoi eta buruhandiek Algortako kaleak zeharkatuko dituzte, San Nikolas plazatik Telletxe plazaraino, eta Lilura Abesbatza Getxoko haur abesbatzak bere errepertorio musikala aurkeztuko du. Arrastian, Menina (7bubbles) familia osoarentzako poesia ibiltariagaz eta OrainBi konpainiaren pertxa akrobatikoagaz amaituko da jaialdia.

Jarduera parte-hartzaileak: jolasguneak, tailerrak, irakurketa familiarra eta ginkana

Gainera, egunero, 17:00etatik 19:00etara, jarduera parte-hartzaileen txanda izango da. 0 eta 3 urte bitarteko haurtxoak ludoteka bat izango dute, bereziki adin goiztiarrari zuzendua, ekainaren 2tik 4ra, eta belaunaldien arteko jolasgunea ekainaren 9tik 11ra. Era berean, 3 urtetik gorakoentzat irakurketa gune familiar bat egongo da, eta parte hartzeko gune horretan askotariko tailerrak ere egongo dira: barikuetan (ekainak 2 eta 9), arte plastikoei buruzko horma-tailerra; zapatuetan (ekainak 3 eta 10), bertsolaritza eta ahozkotasunari buruzko tailerra; eta, domekan, ekainak 11, gorputz adierazpenari buruzko tailerra, Getxoko Organik konpainiaren eskutik.

Ekainaren 10ean eta 11n, goizeko ordutegian, haurrentzako "Botasen bila, Athleticeko futbolaria" izeneko ginkanaren hiru emanaldi izango dira Utopian bertoko antzerki eskolaren eskutik. Familiek Algortako kaleetan bilatu beharko dute Botas, Ramiro Pinilla getxoztar eleberrigileak idatzi zuen Aquella edad inolvidable eleberriko pertsonaia nagusia. Jardueran parte hartzeko aldez aurretik doako izen-ematea egin beharko da.

Eskolako paseak goizean

Haurrei eta familiei zuzendutako jaialdia ez da Getxoko ikastetxeez ahaztuko, eta, hori dela eta, bariku goizetan ikasleen txanda izango da. Ekainare 2an, Numenak (Yarleku Teatro) antzezlanaz gozatuko dute, eta ekainaren 9an, Gora Bihotzak (Eidabe) musikalaz.

2009tik aurrera jaiotako biztanleentzako doako gonbidapenak

Bestalde, herritarrek kultura adin goiztiarretara hurbiltzeko joan den urtean burutu zuten eskaerari erantzunez, 2009tik aurrera (14 urte arte) jaiotako haur eta nerabe getxoztarrek kultur jarduera batez gozatu ahal izango dute doan Muxikebarri eta RKE Romo Kultur Etxean urtebeteko epean edo gonbidapen kopurua agortu arte. Gonbidapena haurrei edo familiei zuzendutako jarduerakaz trukatu ahal izango da, hala nola Zinematxiki zinema zikloakaz, Andres Isasi Musika Eskolako emanaldiakaz, Muxikebarri eta RKEko ikuskizunakaz eta Gabonetako programazioagaz, besteak beste. Gonbidapenak jasotzeko epea Kultur Etxeak jakinaraziko du laster ohiko kanalen bitartez.

Gonbidapenak jasotzeko, Muxikebarri edo RKEko leihatiletara joan beharko dira ohiko ordutegian, eta NANa, familia-liburua edo adingabearen ordezkaritza edo tutoretza egiaztatzen duen edota baliokide den beste edozein dokumentu aurkeztu beharko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun