STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arteakaz eta humanitateakaz lotzen dituen hezkuntza da. Oinarrizko gaitasunak garatzen ditu, zeharkakoak zein diziplinazkoak, eta gizartearen erronkei arduraz aurre egiteko ahalmena ematen die ikasleei. Asmo nagusia da bokazio zientifiko-teknologikoak sorraraztea, ikasleen STEM gaitasuna hobetzea eta gazteak inguruko munduaren eraldaketan aktiboki parte hartzera bultzatzea. Proiektu honen helburu zehatzak, STEAM Euskadi Estrategiagaz bat datozenak, honako hauek dira: hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea hezkuntzako etapa guztietan, horretarako, eragile sozioekonomikoak inplikatuz; STEAM eremuan helburu profesionalak inspiratzea haur hezkuntzatik, eta arreta berezia eskaintzea ikasleei, etorkizuneko erronken aurrean egoki prestatzeko; eta dibulgazioa eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea euskal herritarren artean.
Proiektua gauzatu ahal izateko, Getxoko Udalak honako material hauek erosi ditu: alde batetik, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleentzat 12 LEGO Education Spike Essential robot erosi dituzte. Robotika kit berria da, eta STEAM ikasteko interesa pizten du lehen hezkuntzan, modu praktikoan. Programazio-jarduerak kontuan hartzen ditu, eta, ikasleak gaitasun sozio-emozionalak, linguistikoak eta matematikoak garatzera motibatzen dituen metodologia berritzaile eta dibertigarria du. Beste aldetik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetarako 12 LEGO Education Spike Prime unitate erosi dituzte. STEAM ikasteko irtenbide berria da 1. eta 2. hezkuntzako goi-mailako zikloko ikasleentzat, eta pentsamendu kritikoko trebetasunak eta konfiantza garatzen laguntzen du. Bestalde, 13 Apple iPad unitate erosi dituzte ikasle eta irakasleentzat.
Carmen Diaz zinegotziak argitu du egitasmo honegaz, "hezkuntza inklusiboaren alde" egiten dutela lan, genero-ikuspegia ikaskuntza-prozesuetan txertatuz, eta genero-estereotipoak ezabatuz. "Emakumeok gehiengoa gara osasunaren eta ongizatearen esparruko lanbideetan, baina ordezkaritza txikia dugu zientzien, teknologien, matematikaren eta ingeniaritzaren arloetan, eta eremu horietan daude lan-aukera handienak. Horregatik, Udalak martxan jarri du proiektu aitzindari hau, tailerretarako behar den material teknikoa eta ikastetxeko irakasleentzako prestakuntza eskainiz", azaldu du.