Arte eszenikoen sustapena

Getxoko Juana Bizkarraren 3. egonaldira aurkezteko epea maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik

Nahia Martinez Gondra 2023ko api. 3a, 13:43
Aurreko edizio bateko egonaldia. © GETXOKO UDALA

Arte eszenikoen taularatzea bultzatzeko Juana Bizkarra 3. egonaldirako deialdia abiatu du Getxoko Kultur Etxeak. Egitasmoa konpainia profesional, sendotu eta sortu berriei zuzenduta dago, modu horretan, proiektu eszenikoak sortzen laguntzeko asmoz; izan ere, hautatutako proiektu eszenikoari 10.500 euro emango zaizkio hori ekoiztu eta muntatzeko. Egonaldiak getxoztar askoren seme-alabak hezi eta hazi zituen ume-zaintzaile ezagun baten izena hartzen du, eta aurkezteko epea maiatzaren 29ra arte egongo da zabalik.

Ekimen horren bitartez euskal kultura sektoreari lagundu gura zaio, alderdi profesionala, baliabideak eta zuzkidura ekonomikoa eskainiz antzerki-lanak, obra koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak ekoizteko eta muntatzeko. Aldi berean, sormen-prozesua Getxoko herritarrei hurbildu gura zaie, kulturan duten ezagutza, esperientzia eta parte hartzea hobetze aldera. Egoitzan, gainera, hiru topaketa egingo dituzte Getxoko herritarrakaz eta herriko taldeakaz. Azken horien kasuan, konpainia profesionalen eta tokiko kultura-sektorearen arteko elkarrekintza sustatu gura da.

Hautatutako ikuskizuna ekoitzi eta muntatzeko eta horren bitartekotza-plana garatzeko epea irailaren 4tik urriaren 1era izango da. Egonaldia Muxikebarri zentroko Arrigunaga aretoan izango da, eta 2023ko urrian estreinaldirako bi emanaldi eta obraren entsegu orokor ireki bategaz amaituko da.

Deialdian izena eman ahal izango du bere jarduera arte eszenikoen barruan garatzen duen edozein pertsona juridikok, hala nola antzezlanak, koreografikoak, eszenikoak edo performatiboak muntatzen dituzten antzerki-, dantza-, txotxongilo- eta zirku-konpainiek. Deialdiari buruzko informazio osoa udal-webgunean dago eskuragarri eta, edozein galdera egin gura izanez gero, interesdunek honako helbide elektronikora jo dezakete: programazioa@getxo.eus

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun