Getxoko Udalak 60.427 euro onartu ditu euskara sustatzeko

Nahia Martinez Gondra 2023ko api. 5a, 10:27

Getxoko udaletxea.

Beste urte batez, Getxoko Udalak euskara ikasteko, ezagutzeko eta erabiltzeko diru-laguntzen deialdia onartu du, eta, horretara, sei ildotan banatutako 60.427 euro zuzendu ditu, iaz baino % 5 gehiago. Ohi bezala, partidarik handienak ikaskuntzara bideratuko ditu, baliabide ekonomikoen arabera. Laguntzek matrikularen kostuaren % 80a ere ordain dezakete, eta, aurten ere, HABEk emandakoen osagarri gisa banatuko ditu. Halaber, kontuan hartu beharreko baliabide ekonomikoen taula eguneratu dute eta 16 urteko gazteei ez zaie familia-unitatearen diru-sarrerarik eskatuko, 6 eta 15 urte bitarteko haurren eta gazteen ikaskuntzan izan ezik. Gainera, eskatzailearen diru-sarrerak bakarrik baloratuko dira.

Lehenengo ildoan, helduek euskara ikasteko 31.277,5 euro aurreikusi ditu Getxoko Udalak, eta bigarrenean, gazteen eta umeen (6tik 15 urtera bitartekoak, biak barne) matrikula ordaintzen laguntzeko 15.800 euro bideratu ditu. Bi kasu horietarako eskaerak aurkezteko epea azaroaren 9an amaituko da. Egun horretan ere amaituko da Udaleko eta erakunde autonomoetako langileek eta zinegotziek euskara ikasteko laguntza eskatzeko epea. Horientzat 1.000 euro onartu ditu Udalak.

Era berean, 4.000 euro izango dira gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiten duten gazteentzat, eta beste 1.000 euro elkarteetako aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko euskaraz. Bi ildo horietarako eskaerak aurkezteko epea azaroaren 29an amaituko da. Azkenik, urtero bezala, 7.350 euro bideratuko dira, errotuluak, olanak, pertsianak, biniloak eta ibilgailu komertzialak euskaraz ipintzeko. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 29an ere amaituko da enpresentzat.

Diru-laguntza horiekaz batera, Udalak beste zerbitzu batzuk mantenduko ditu euskararen erabilera sustatzeko helburuagaz, tartean, itzulpen-zerbitzua, aholkularitza, ekitaldietarako aurkezle euskaldunen zerbitzua, eta merkatariei nahiz ostalariei doan eskaintzen dizkien itzulpen eta maketazio-zerbitzuak.

Bestalde, datorren maiatzaren 29ra arte zabalik egongo da eskola-orduz kanpoko jardueretarako diru-laguntzetarako deialdira proiektuak aurkezteko epea. Horietarako Udalak 42.000 euro onartu ditu. 17. urtez jarraian ematen den diru-laguntza da, eta, beraz, ezaguna da arlo akademikoan, eta onarpen zabala du, aurreko urtean 22 guraso-elkartek eta ikastetxek aurkeztutako 199 jarduerek erakustzi zuten bezala.

Hizkuntza-murgiltze laburreko jarduerak laguntzeko 5.000 euro izango dira, hala nola barnetegiak edo eguneko irteerak, lehen ildoan. Bigarrenak, 10.000 eurogaz, aldi luze batean euskararen erabilera aktiboa bilatzen duten ekimenak bultzatuko ditu, esate baterako antzerkia, bertsoak edo berbodromoak. Hirugarren lerroa, 7.000 eurogaz, errefortzu klaseetarako izango dira. Laugarren lerroak 15.000 euro bideratuko ditu euskaraz garatzen diren ohiko jardueretara, horien artean, futbola, saskibaloia, xakea... eta bosgarrena, 5.000 euro bideratuko dira euskal astea bezalako ekitaldiak antolatzeko.

Gainera, Getxoko Udalak 40.057 euro onartu ditu euskara edo euskal kultura sustatzeko ekintzak egiten dituzten elkarte, erakunde edo enpresarentzat, euskaraz bizi gura duten herritarrei horretarako aukerak bermatze aldera, ESEP, Euskara Sustatzeko Ekintza Plan Estrategikoak jasotzen duenaren arabera. Lehenengo ildoak, 11.760 euro banatuko ditu euskarazko jarduerak antolatzeko lokal baten gastuetan laguntzeko; bigarrenak 2.625 euro, San Juan jaia antolatzeko gastuak ordaintzeko; hirugarrenak 21.472,5 euro, auzoetako Olentzeroak antolatzean sortzen diren gastuetan laguntzeko, eta laugarrenak 4.200 euro, Getxon garatutako kultura Euskal Herri osoko gazteei erakutsiko dien proiektu bakarrerako. Eskaerak aurkezteko azken eguna apirilaren 11a izango da, hirugarren ildorako izan ezik, hori datorren urriaren 16an amaituko baita.

Euskaraz ikasteko eta bestelako jardueretarako diru-laguntzak Administrazio Elektronikoko Bulegoaren bitartez aurkeztu beharko dira. Informazio gehiago hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun