Gaur goizean, denboraldiko lehen itsasontzi handia heldu da Getxoko Olatua Gurutzaontzien Terminalera, urrira arte iraungo duen denboraldia abiatuz. Aurreko urtean, modu horretara inoiz baino bisitari gehiago etorri baziren ere, aurten marka hori haustea aurreikusi dute arduradunek, izan ere, baieztatuta dauden 80 itsasontzitan etorriko diren 100.000 turista inguru espero dituzte.
Bilbo erakargarritasuna irabazten ari da turismo mota horren bitartez datozen bidaiarien artean eta Guggenheim da punturik bisitatuena. Gurean, aldiz, Getxoko Bizkaia Zubia da turista gehien erakartzen dituena; hori bisitatzeko, Getxoko Udalak Olatua Gurutzaontzien Terminaletik ateratzen den autobus-zerbitzua eskainiko die bisitariei. Sky Princes gurutzaontzia gaurko 18:00ak aldera aterako da portutik La Rochellerantz bidean jarraitzeko.
Apirilean, beste bost itsasontzi handiren etorrera espero dute portuko arduradunek: barikuan L'Austral iritsiko da eta zapatuan NG Resolution; hurrenez hurren, 264 eta 126 bidaiari ekarriko dituzte. Maiatzean, aldiz, 20 itsasontzi handi etorriko direla aurreikusi dute eta urrira bitartean, guztira, 80 gurutzaontziren etorrera espero da Getxoko terminalean.